Udal eta foru hauteskundeak

"Aldaketaren protagonistak" aurkeztu ditu Nafarroako EH Bilduk

Nafarroako Parlamenturako hauteskunde zerrenda “plurala” aurkeztu du koalizioak hedabideen aurrean, “gobernatzeko prest” dagoena.  

EH Bilduko hautagaiak, gaurko aurkezpenean. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2015eko martxoaren 28a
22:06
Entzun

Bi hilabete eskas baino ez dira falta foru eta udal hauteskundeetarako, eta Nafarroan ahoz aho dabil aldaketarako aukera. Aldaketa hori “eraikitzeko”, Nafarroako Parlamenturako hauteskunde zerrenda aurkeztu du gaur goizean EH Bilduk, Iruñean egindako ekitaldian. Adolfo Araiz abokatu eta ezker abertzaleko parlamentari ohia da, jakina zen moduan, zerrendaburua, eta horren atzetik doaz Miren Aranoa (EA), Xabi Lasa (Aralar), Bakartxo Ruiz (Sortu), Maiorga Ramirez (EA) eta Asun Fernandez de Garaialde (Aralar). Orotara, 50 pertsonako zerrenda aurkeztu du koalizioak, “parlamentutik eta gobernutik Nafarroa berria bultzatzeko”. Tartean dira, besteak beste, Dabid Anaut euskal filologoa, Arantza Izurdiaga abokatua, Peio Gurbindo Atarrabiako alkatea ohia, Paula Casares soziolinguista eta NUPeko irakaslea eta Xabier Amoros Donostiako San Telmo museoko teknikaria.

Denen izenean, Adolfo Araiz zerrendaburuak hartu du hitza, eta “aldaketaren protagonista” gisara aurkeztu ditu zerrenda “plurala” osatzen duten pertsonak. Adierazi duenez, EH Bilduk aurkeztutakoa ez da “zerrenda hutsa, eta ez da hutsuneak betetze hutsa”. Are, gaur aurkeztutakoak “Nafarroa errotik aldatu eta denontzako Nafarroa eraikiko duten pertsonak” direla adierazi du.

Era berean, “kalea aldaketaz mintzo” den honetan, “zer aldaketa” eta “norekin egingo den” argitzeko beharra nabarmendu du Araizek. Ildo horretatik, EH Bilduren eskaintza azaldu du: “Arlo guztietan sakona eta sozialki konprometitua izanen den aldaketa nahi dugu, eta erregimenarekin zerikusirik izan ez dugunon artean eraikia”. Adierazi duenez, EH Bilduk “leihoak ireki eta alfonbrak altxatuko ditu, eta kontu ikuskatze sozial bat jarriko du martxan, Nafarroan gertatu dena, gure erakundeak nola kudeatu diren eta azken urteetako erabakien erantzuleak nortzuk diren argitzeko”. Era berean, Nafarroa “demokratizatzeko” eta zerga sistema “eraldatzeko” konpromisoa hartu du Nafarroako presidentetzarako hautagaiak. Azkenik, EH Bildu “Nafarroa gobernatzeko prest” dagoela adierazi du, “herritarrek hala erabakiko balute”. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.