ETBko eguraldi mapak zeresanik sortu zuen atzo: aldatu egin zuten eta, lehen bertsioaren arabera, ez zen Euskal Herria osorik ageri. Gauean, ordea, egokitu egin zuten (irudikoa da), eta hor osorik agertzen da.
Dena dela, Euskal Herria hor ere ez da bakarrik ageri, Espainiako zenbait herrialde daudelako: Errioxa, Burgos, Kantabria, Zaragoza eta Soria ageri dira mapa berrian. Frantziako zenbait gune ere bai: Landak eta Biarno zatiak.
ETBko ikusleak urteotan ohituta zeuden eguraldi mapan Euskal Herriko zazpi lurraldeak batuta ikusten. EITBko zuzendaritza berriak, ordea, mapa aldatzea erabaki du. Atzo hiru kateetako eguraldi mapan EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga administratiboak marrekin banatuta azaldu ziren, baina EAEko eta Ipar Euskal Herri barneko probintzietako mugarik ez.
Atzoko lehen bertsioan, Nafarroatik ipar-ekialdeko zati bat eta Erriberako hegoaldea falta ziren mapan, eta Zuberoako zati handi bat ere ez zen ageri.
Hondartzetako informazioa ematean, Laredo eta Castrotik (Kantabria) hasi zuten aurkezleek bidea, eta Lapurdin amaitu.
PSE-EE eta PPren artean egindako gobernu akordioaren barnean, EITBko ildo editorialean eta mapetan aldaketak egitea aipatzen zen. Egin dute. Aldaketa hori behin baino gehiagotan eskatu izan du UPN alderdiak. "ETBko eguraldi mapak nafarrak iraintzen ditu, behintzat UPNk ordezkatzen dituen nafarrak", adierazi zuen UPNko bozeramaile Carlos Garcia Adanerok maiatzaren 11n. Nafarroako Gobernuak lehendik ere "desadostasuna" azaldu izan du ETBk Nafarroa EAE eta Ipar Euskal Herriarekin batera azaltzeagatik.
Alberto Surio EITBko zuzendari berria ekainaren 18an izendatu zuen Eusko Legebiltzarrak, PSE, PP eta UPDren botoekin. EAJ, EA eta EB abstenitu egin ziren, eta Aralarrek kontra bozkatu zuen. Suriok Miguel Angel Idigoras hautatu du ETBko zuzendari izateko eta Roberto Montalvillo ETBko albistegiak zuzentzeko.
KomuNIKABIDEAK
Aldatutako maparen egokitzapena
EITBko zuzendaritza berriak atzo egindako bigarren aldaketaren arabera, Euskal Herria osorik ageri da. Hor ere, ordea, bakarrik ez, Espainiako eta Frantziako zatiekin baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu