Aldatzeko, ausardia gutxi

PFEZren moldaketak hainbat berrikuntza dakartza, baina, oro har, aldundiek Espainiako Gobernuak egin zuen zerga erreforma orpoz orpo jarraitu dutela uste dute itaundutako adituek

Ivan Santamaria.
2006ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Hilabeteak zeramatzaten, urteak ez esatearren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren etorkizunari buruz hausnartzen. Orduak pasatu dituzte ogasunetako teknikoek neurri eta aldaketa bakoitzaren pisua neurtzen, zerga eraberritu bai, baina kutxa komunari ahalik eta kalte gutxien egiteko asmoz. Eta atzotik, erreforma, azkenik, errealitatea da, onerako edo txarrerako.

«Ez da izan erreforma sakona, gehienbat zerga eguneratu egin da», azaldu du Aitor Rodriguez EHUko irakasleak. Tarifaren tasa jaitsierak ez dira esanguratsuak izan, eta, etxebizitzari dagokion atala alde batera utzita, ez du uste kaleko jendearentzat aitorpena egiterakoan aparteko aldaketarik ekarriko duen.

Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan irakaslea da Rodriguez. Batik bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako neurri bati erreparatu dio. «Lehen aldiz sartzen da zergaren barruan menpeko diren pertsonen tratamendua, eta gerora begira ondorioak izango ditu horrek». Hain zuzen ere, menpeko pertsonek elbarriek dituzten kenkari berdinak eskuratzeko aukera izango dute herrialde horretan.

Luis Unceta-Barrenetxea BSK Legal & Fiscal aholkularitzako zuzendariaren aburuz, erreformaren helburu nagusia aurrezkiek modu berean zergak ordaintzea zen, eta, %18ko tasa bakarraren bidez, uste du urratsak egin direla. «Aurrezkien tratamenduan aldaketa esanguratsua da, aurrera egin da, eta ona da aurrezkiek ordaintzen dutena gutxi gorabehera uniformea izatea».

PROGRESIBITATEA, ZALANTZAN. Tarifari erreparatuta, zerga Espainiakoa baino progresiboagoa dela azaldu dute aldundiek. Rodriguezen irudiko, egia izan liteke taula aintzat hartuz gero, baina ez zerga egitura orokorra aztertzen baldin bada. «Bilketan errenta aitorpenetik ateratzen den diruaren pisuak gero eta garrantzi handiagoa du. Diru sarrera handiagoak ematen dituzte zeharkakoak, BEZa, esaterako, eta horiek ez dira batere progresiboak».

Orain arte egin diren erreformak, gainera, Espainiaren «ia kopia hutsak» izan direla uste du. Ausardia nabaritzen du faltan. «Ekonomia Itunak gaitasuna aitortzen die hemengo ogasunei arau autonomoak egiteko, ez hainbeste Espainiari begira egoteko».

Bat dator iritzi horrekin Asier Gezuraga Euskaltax aholkularitzako kidea. «Urratsak eman dituzte, baina ezin da esan erreforma ausarta izan denik, daukagun eskumena estatutik datorrena jarraitzeko baino ez dugu erabiltzen». Hiruren aburuz, Espainiako moldaketaren erreferentzia izan da aldundiak gidatu dituena.

Halaber, guztiek uste dute erreformako atalik esanguratsuenetako bat etxebizitzan egin diren moldaketak direla. Gezuragak, dena den, urte bakoitzeko ezarri den muga kritikatu du. Urtero bakarrik 2.160 euro arintzeko aukera dago. «Etekin linealak badituzu, arazorik ez, baina etekin profesionalen kasuan, urte batzuetan gehiago irabaziko duzu eta beste batzuetan gutxiago. Ezin duzu desgrabazioa zeure etekinei lotu»

Aurrezkiei eman zaien tratamenduak errenta handiei bakarrik mesede egiten diela diotenei, bestalde, honako hau erantzuten die BSK-ko zuzendariak. «Tasa finkoa izatea edo jaistea, gehiago bilduko litzateke akaso, iruzur gutxiago izango baitzen agian».

«Menpeko diren pertsonen tratamendua lehen aldiz sartu da, eta garrantzitsua izango da gerora begira»

Aitor RodriguezEHU-ko irakaslea«Aurrezkien tratamenduan aldaketa esanguratsuak daude; ona da ordaintzen dena uniformea izatea»

luis unceta-barrenetxeaBSK aholkularitza fiskaleko zuzendaria«Ez da erreforma ausarta, dugun eskumena estatutik datorrena jarraitzeko baino ez dugu erabiltzen»

Asier gezuragaEuskaltax aholkularitza fiskaleko kidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.