ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek estatus politiko berri baten inguruan duten ikuspuntua azaldu dute gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABekoak "agortutzat" eman dute Gernikako Estatutua, eta estatus politiko berri bat beharrezkoa dela azpimarratu. Biek ala biek bat egin dute egungo egoeraren diagnostikoan: uste dute gaur egun ez dagoela "baldintza politikorik" Espainiako Estatuarekin alde biko harremana izateko, eta, horregatik, "alde bakarreko burujabetza prozesu" baten alde egin dute.
Nork bere aldetik egin du agerraldia Autogobernu lantaldean, baina egungo egoeraren irakurketan eta etorkizuneko urratsen gainean antzeko analisia egin dute ELA eta LABeko idazkari nagusiek. Gainera, ohar bateratua igorri dute bi sindikatuek, agerraldiak amaitu direnean.
Hausnarketa bera egin dute bi sindikalistek burujabetza prozesu baten beharraz. Konpromisoa agertu diote "politikak goitik behera aldatzea oinarri" duen burujabetza prozesu bat abiatzeari, eta azaldu dute prozesu hori bateraezina dela Espainiarekin aldebikotasun harreman bat izatearekin. Horrez gain, Muñozek eta Aranburuk dei egin diote Eusko Legebiltzarrari "mugimendu sindikal eta sozialen parte hartzea" bermatuko duen eta euskal gizartearen borondatea "muga bakarra" duen prozesu bat abiaraz dezan.