Aldebakarreko urratsak egiten jarraituko du ezker abertzaleak, harik eta Espainiako Estatua ere urratsak egitera behartu arte; «Estatuak gatazka politikoaren konponbidera behartu beharko ditugu, eta aldebakarreko urratsetatik aldebikoetara igarotzeko bidea egin beharko dugu». Duela bi urte Zutik Euskal Herria-rekin abiatutzat eman zuten Prozesu Demokratikoaren balorazioa egin, eta aurrera begirako ildoa finkatu du ezker abertzaleak herriz herriko batzarretan. Ondorioekin osatutako txostena eskuratu du BERRIAk: Zutik Euskal Herria Zehazten. Bertan, baloratu egin dute abiatutako bidea, eta bertan sakontzeko erabakia hartu dute.
Azken bi urteetako lana «zaila baina ikusgarria» izan dela diote, eta hemendik aurrerakoa ez dute errazagoa ikusten, «estatuen borondate politikorik eza» ikusita. Baina ezker abertzaleak duela bi urte abiatutako «ofentsiba politikoari esker» estatuen posizioa gero eta ahulago dagoela uste dute, eta burujabetzaren aldekoen aliantzak sortzeko baldintzak gero eta hobeak direla nabarmendu dute. Horixe da, ezker abertzalearen irudiko, jarraitu beharreko bidea: «Indarrak biltzeak Estatuarekiko Akordio Demokratikoa lortzen lagunduko digu, negoziazio mahaian gure posizioa gero eta indartsuagoa egingo baitu. Estatuak bere blokeo estrategian tematuta jarraituz gero, guk herri gisa alde bakarreko urratsak eginez jarraituko dugu, estatuari Akordio Demokratikoa egiteko eskua etengabe luzatuz eta bide batez Euskal Herrian gero eta gehiengo zabalagoak osatuz».
Independentziara bidean hiru fase aurreikusten ditu ezker abertzaleak: gatazka politikoa gainditzeko fasea, nazio subjektua erakundetzeko fasea eta independentzia irabazteko fasea. Aurrenengo fasea da oraingoa, txostenaren arabera. Prozesu Demokratikoa aurreneko fase horretan dagoela ulertzen dute, eta haren barruan ere beste hiru fase daudela dio: minimo demokratikoak eskuratzekoa izango litzateke aurreneko fasea, hau da, legeztatzea, presoen eskubideak errespetatzea, eskubide zibil eta politikoak indarrean egotea eta abar. Bigarren fasean Euskal Herriko eragile politikoen arteko elkarrizketa eta negoziazioek gertatu behar dute, ezker abertzalearen irudiko. Akordio Demokratikoa erdiestea izango da fase horren helburua. Hirugarren fasea estatuek Akordio Demokratikoa aitortzea eta errespetatzea izango litzateke, Marko Demokratiko batera iritsiz. Aurreneko eta bigarrengo faseek ez dute zertan bata bestearen atzetik joan, garai bertsuan gerta daitezke, batak bestea ez duelako oztopatzen.
Kritika EAJri
Gainerako eragile batzuek egin dutenaren azterketa ere jasotzen du txostenak. «Urduri» eta «kontraesan larrietan» egotea egotzi dio EAJri, «hegemonia arriskuan» ikusten duelako. «Honako bidegurutze honetan dugu EAJ oraintxe bertan: Euskal Herriaren aldeko hautu garbia egiten badu, herritarren babes handiagoa bilduko du, baina posizio horrek Madrildik urrundu egingo du, Moncloako maizterra bidelagun hautatuz segitzen badu, herritar babes txikiagoa eskuratzeak jarduera horretarako baliogabetu dezake. Estatuarekiko Euskal Herriaren izenean interlokuzioa galtzearen beldur da».
Txostena osorik irakurri nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.ezkerabertzalea.info
Alde bateko urratsekin segituko du ezker abertzaleak, aldebikoen bila
'Zutik Euskal Herria zehazten' txostenean azken bi urteetako norabidearen balorazio baikorra egin du ezker abertzaleakProzesu demokratikoan sakontzeko apustua egin du, independentziara bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu