Politika

Aldebakarreko desarmatzea galdegin dio Aralarrek ETAri, eta amnistia aldarrikatu du

Amnistia eskubide guztien errespetua eta biktima guztientzako erreparazioa dela azaldu du Patxi Zabaletak, ez dela presoak kaleratzea bakarrik. 

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko abuztuaren 28a
21:26
Entzun

Aralarrek badaki amnistia ez dagoela legearen barruan egiterik, eta, hain justu, hori da egin beharrekoa Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzailearen ustetan: legeak aldatu amnistia gertatzeko. Baina ohartarazi du amnistia ez dela presoen kaleratzea bakarrik. Donostian emandako prentsaurrekoan gogora ekarri ditu Jacinto Otxoak egin zizkion hitzak: "Amnistia nik gizarteari eta gizarteak niri barkatzea da". Otxoa 27 urtez egon zen preso frankismoan, Zabaletak gogora ekarri duenez. Hala, nabarmendu du amnistiak ez duela ahanzturarik eta erreparazio guztiak dituela barnean.

Datorren urte politikorako hiru lehentasun dituela azaldu du Aralarrek: krisia gainditu eta enplegua sortzea, erabakitzeko eskubidearen bidean urratsak egitea eta bakegintzan aurrera egitea. Azken puntu horren barruan hitz egin dute amnistiaz Zabaletak eta Rebeka Ubera antolaketa arduradunak. Nolanahi ere, puntu horren barruan eskaera gehiago ere izan dira.

ETAri eta Espainiako Gobernuari eskaera bana egin diete, "tinkotasunez". Aldebakarreko desarmea egiteko eskatu diote ETAri, eta salbuespen neurriak indargabetzeko Espainiako Gobernuari.

Erabakitzeko eskubideari dagokionez, "subiranotasun prozesuak" aurrera doazela ohartarazi diote Espainiako Gobernuari, eta hori zenbat eta beranduago onartzen duen prozesuak are mingarriago izango direla Espainiako gizartearentzat. Uberak azpimarratu du erabakitzeko eskubidea errespetatzea ona dela, ez bakarrik euskal gizartearentzat, baita katalanarentzat eta espainiarrarentzat berarentzat ere. "Edozein gizarte demokratikotan eskubide hau onartzea ezinbestekoa da adiskidetzea lortzeko".

Krisia gainditzeari dagokionez, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak orain arte izan duten jarrera errotik aldatu behar dutela uste du Aralarrek. “Sarkasmoak utzi eta herritarrak errespetatzen hasteko” eskatu diete Iñigo Urkulluren eta Yolanda Barcinaren gobernuei: “Benetan garapen ekonomikoaren alde badaude, utz dezatela murrizketan bidea, agerian geratu baita ez dela batere eraginkorra.”

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.