Osakidetza

Aldebiko bileren ostean mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute sindikatuek

Osakidetzak eta sindikatuek hilabete luzeak daramatzeta liskarretan 2006ko hitzarmen kolektiboa sinatu nahian. Osakidetzak hitz egin nahi duela adierazi zuen joan den ostiralean, ELA, SATSE eta ESK sindikatuek deitu eta LAB eta CCOOk babestutako lehenengo greba egunean; ELA, SATSE eta ESK-k ere hitz egiteko borondatea azaldu zuten astelehenean, bigarren greba egunean. Gaur bildu dira ELA eta SATSE sindikatuetako ordezkariak Osakidetzako Giza Baliabideetako arduradunekin. Aldebiko bilerak amaituta, baina, mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute.

2006ko maiatzaren 24a
20:14
Entzun
Greba egun gehiago aurrikusita zituzten sindikatuek baina Osakidetzak hitz egin nahi zuela-eta atzeratu egin zituzten atzo. "Osakidetzaren jarrera aldaketa benetakoa bada, ikusiko dugu noraino hel gaitezkeen. Baina bileretan adostasunik lortzen ez badugu greba egun hauek berriz errepika daitezke», azaldu zuen atzo Izaskun Garikano ELAko ordezkariak.

Osakidetzaren borondatea neurtzeko balio izan dute, besteak beste, gaurko bilerek. SATSE erizainen sindikatuko ordezkari Encarna de la Maza haserre agertu da bileraren ostean. Batzarra hasi bezain azkar amaitu dela azaldu du eta bilera "iruzurra" izan dela adierazi du, "etsigarria". Osakidetzak Lan Eskaintza Publikoari buruz soilik hitzegin nahi izan duela salatu du Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Osasun Publikoan lanean ari diren langileek jasaten duten lan zamak eragiten dituen arazoak aipatu ere egin gabe. "Gure borondatea erakutsi genuen greba egunak atzeratuz eta Osakidetzak ez du ezer ere ekarri", azpimarratu du Encarna de la Maza SATSEko ordezkariak. Osakidetzari jarrera "inbobilista eta murritza" izatea egotzi dio.

Izaskun Garikano ELAko ordezkariak azaldu duenez, berriz, Osakidetzarekin izan duten bilera luzea izan da eta gai guztien inguruan hitz egin dute. Osakidetzaren aldetik jarrera hobea ikusi dutela azaldu duen arren "eskaintza zehatzik" ez duela egin azpimarratu du. Eta ELAren ustez, egoera honek "eskaintza zehatzagoak eskatzen ditu" Osakidetzaren aldetik.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Osasun Publikoko sindikatu guztiek agerraldia egingo dute bihar Legebiltzarrean. ELAko ordezkariak azaldu duenez, ez dago denborarik ostiral eta astelehenerako aurreikusita zeuden greba deialdiei eusteko. Hori dela-eta, bertan behera utzi dituzte. Hala ere, ostiralean SATSE eta ESK sindikatuekin bilduko dira mobilizazioekin jarraitzeko egutegi berri bat osatzeko.

LAB atzo bildu zen Osakidetzako ordezkariekin

Hitzarmen kolektiboaren inguruan Osakidetzako ordezkariekin atzo izaniko hartu-emanak etsigarriak izan direla esan du LAB sindikatuak, eta negoziazioa luzea eta latza izango dela aurreratu du. Beraz, Osakidetzaren jarrerari aurre egiteko batasun sindikala bultzatzeko ahalegina egingo du sindikatuak eta aurrerantzean mobilizazioari eusteko prestutasuna agertu du.

Atzo, aldebiko bilera izan zuten sindikatuetako ordezkariek eta Osakidetzako Giza Baliabideetako arduradunek. LAB-Osakidetza sailaren arduradun Txaro Markinezekazaldu duenez, "egoera arduratzeko modukoa" da, Eusko Jaurlaritzaren Osasun saila ez baitago prest Osakidetzan baliabide gehiago inbertitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.