Iñigo Urkullu

"Aldebikotasuna nahi dugu, baina bermeekin"

Elkarrizketaren alde egin du beste behin Jaurlaritzako lehendakariak, eta espetxe politikaren auzian ere bide horri eusten diotela berretsi du. Ertzaintzaren aurkako tortura salaketei buruz galdetuta, berriz, hark txostena egiteko garaian izandako "jarrera eredugarria" goraipatu du.

Iñigo Urkullu, urte zahar eguneko mezua ematen. DAVID AGUILAR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko urtarrilaren 11
13:17
Entzun

Autogobernuaz, elkarbizitzaz, Kataluniako auziaz, espetxe politikaz eta beste hainbat gaiez aritu da Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan. Horietan guztietan, Jaurlaritzak orain arte egindako bidea defendatu du, eta berretsi du elkarrizketa eta aldebikotasuna direla irtenbidea, betiere, "bermeekin" egiten badira.

Aldebikotasun horren adibide gisa jarri ditu itun ekonomikoari buruzko hitzarmena eta autogobernuaren eztabaidan egiten ari diren ahalegina. Horri buruzko azken testua aurten bertan lortuko den itxaropena ere agertu du lehendakariak, baina nabarmendu du aitortutako autogobernua defendatzea dela lehen urratsa, eta, ondoren, "inork bere helburuei uko egin gabe, etorkizunera begira izan nahiko genukeena zehaztea". Auzi horretan, zehaztu du ez diola "beldurrik" eragiten erabakitzeko eskubidea bera ere mahai gainean jartzeak.

Sare elkarteak Bilbon euskal presoen alde antolatutako manifestazioaren atarian, EPPKren hitz egiteko borondatea ontzat eman du lehendakariak, baina zehaztu du "autokritika" egin, eta eragindako mina eta sufrimendua "bidegabeak" izan zirela onartu beharko luketela presoek. Espetxe politikei buruz galdetuta, berriz, Espainiarekiko harremanetan jarraitzen dutela esan, eta zenbait presoren kasuan hartutako erabakiak ekarri ditu gogora.

Torturei buruzko txostenari buruz, bestalde, Ertzaintzaren "jarrera eredugarria" goraipatu du Urkulluk, argudiatuta "autokritika egin eta giza eskubideekiko konpromisoa" agertu duela erakundeak halako auditoria batean parte hartuz. Horrekin batera, garrantzia kendu dio PSEk txostenari egindako kritikari, eta nabarmendu du Jaurlaritzak hasieratik babestu duela txostena.

Kataluniako auzia

EAEn bezala Katalunian ere elkarrizketa dela bidea, hala berretsi du Urkulluk, eta azaldu du alderdi subiranistak eurak ere horren defentsa egiten ari direla uneotan. Aldi berean, gaitzetsi egin du 155aren erabilera, "haren ondorioak arindu edo ezabatu egin beharko lirateke".

Jaurlaritzak eta zehazki lehendakariak Kataluniako auzian izandako esku hartzeaz galdetuta, bestetik, Carles Puigdemont lehendakariak berak eskatuta "lagundu" zuela zehaztu du Urkulluk. Azaldu du iazko ekainean Ipercorreko atentatuaren urteurreneko ekitaldian elkartu zirela eta orduan beste hainbat gairen artean horri buruz ere aritu zirela. Horren ostean, uztailean, Espainiako gobernuburu Mariano Rajoyrekin bildu zen lehendakaria. "Azken minutura arte aritu ginen hitz egiten. Nire iritziz, Puigdemontek bozetara deitu izan balu ez zen 155a ezarriko; baina azkenean bestelako erabaki bat hartu zuen. Orain beste egoera batean gaude, eta Kataluniako alderdiei dagokie erabakitzea Puigdemontek presidente izan behar ote duen".

Kritikak ELA sindikatuari

Kritika gogorra egin dio lehendakariak ELA sindikatuko idazkari Adolfo Muñozen jarrerari, eta salatu egin du sindikatuak azken urteetan hartutako bidea. "Bitxia egien zait ikustea horrenbeste kritikatzen duen pertsona batek zer gaizki hartzen dituen besteek egiten dituzten gogoetak. Nik begirune osoa diot sindikatuari, eta nire lehen agintaldian bildu ere egin nintzen Muñozekin. Baina ezin da ahaztu nola hauteskunde kanpaina betean ginela noren aurkako manifestaziora deitu zuten, edota geroztik zer-nolako ibilbidea egin duten. Joko arau batzuk bete beharrekoak dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.