“Ertzaintzako buru nagusiaren izendapen berria atzera botatzeko eta Iñigo Cabacas Lizeranzu hil zuen operatiboaren erantzule guztien zereginak behin-behinean eteteko” eskatuz, 20.000 sinadura baino gehiago bildu ditu Iñigo Gogoan taldeak hilabetean.
Sinadura bilketaren sustatzaileek esan dutenez, espero zuten halako bi lortu izanak erakusten du "Iñigoren kasuan justizia eta neurri zehatzen exijentziak duen oihartzun sendoa". Halaber, nabarmendu dute sinatzaileen artean "ideologia eta alderdi ezberdinetako pertsonak, pertsonaia publikoak, eliteko futbolistak edota ertzainak" daudela.
Sinadurak eskura eman eta eskaerak aurrez aurre aurkezteko asmoz, bilera bat egiteko eskatu diote Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari eta Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordeari. Bilkurak "lehenbailehen" egitea espero dute: "Bigarren urteurrenera hurbiltzen ari gara eta denbora pasatzeak kalteak besterik ez ditu eragiten auzia argitu eta justizia ahalbidetzeko bidean".