Nazioarteko hedabideak

Alderdi abertzaleen arrakasta nabarmendu dute nazioarteko hedabideek

Galiziako eta Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeek oihartzun zabala izan dute nazioarteko komunikabideetan. EAJren eta EH Bilduren emaitzak Mariano Raxoirentzat "beste buruhauste bat" direla ziurtatu du BBC kateak.

2012ko urriaren 22a
08:35
Entzun

Mariano Raxoik aurre egin beharreko arazoen artean kokatu ditu BBC Erresuma Batuko telebista kateak EH Bilduk eta EAJk atzoko hauteskundeetan erdietsitako emaitzak. BBCren arabera, Espainiako Gobernuko presidenteari mesede egin dio Galiziako bozak PPk irabazi izana, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzek "beste buruhauste bat" eragin diezaiokete Raxoiri. Hain justu, kate horrek nabarmendu du Kataluniako hauteskundeetarako hilabete eskas falta denean egin duela gora abertzaletasunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

"Independentziaren aldeko alderdiek irabazi dituzte Euskal Herriko hauteskundeak Espainian", idatzi du The Guardian erresuma Batuko egunkariak. Hamabost parrafoko artikulua argitaratu du, eta Eusko Legebiltzarrerako bozetako"tentsio separatistak" Europako Batasunean hazi egin direla esanez hasi du idatzia. Horren harira, nabarmendu du EH Bildu koalizio "separatista" bigarren indar bihurtu dela. The Guardian-eko artikuluak dio EAJk, "oraindik definitu gabeko independentzia era bat bilatzen duenak", irabazi dituela bozak.

Lerroburua eta argazkia EH Bilduri eta Laura Mintegi koalizioko lehendakarigaiari eman dizkio Le Monde Frantziako berripaperak. "Ezker abertzalearen igoera Euskal Herrian" titularra argitaratu du kazetak. Tesuan azaldu duenez, "EAJko abertzale kontserbadoreek" irabazi dituzte hauteskundeak, eta bigarren gelditu dira "EH Bilduko independentistak".

La Repubblica Italiako egunkariak Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiaren argazkia argitaratu du, eta nabarmendu du EAJren eta EH Bilduren artean Eusko Legebiltzarreko ordezkarien %60 baino gehiago eskuratu dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.