Ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuen aurkezpenean izango da EAJ. Lokarrik egindako gonbidapenari «gizalegez» erantzun, eta alderdiko bost kide bidaliko ditu ekitaldira. Hanizango dira Aitor Olaizola Euzkadi Buru Batzarreko kidea, Iñigo Iturrate, Maribel Bakero eta Mikel Martinez Eusko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordeko kideak eta Aitor Esteban Espainiako Kongresuko diputatua.
Berri agentziek zabaldutako informazioaren arabera, EA, Aralar eta Alternatiba ere han izango dira. PSE-EEk eta PPk ez dute ordezkaritza ofizialik bidaliko.
Lokarrik komunikabideei igorritako prentsa ohar batean jakinarazi duenez, ikusmin handia pizten ari da ezker abertzalearen alderdi politiko berriaren aurkezpena. Uste baino eragile gehiago joango dira Bilboko Euskalduna jauregian egingo den ekitaldira; antolatzaileek adierazi dutenez, aretoz aldatu behar izan dute: A4 aretotik —150 pertsona biltzeko tokia du horrek—, A3 aretora—282 pertsonarentzat da—. Etzi egingo da ekitaldia, eta goizeko 11:00etan hasiko da. BERRIA telebistak zuzenean emango du, egunkariaren webgunean (www.berria.info).
Ekitaldiak ordu eta erdiko iraupena izango du gutxi gorabehera. Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak eta Iñigo Iruin abokatuak emango dute alderdi berriaren ezaugarrien eta estatutuen berri.
Asteartean alderdiaren sustatzaileek prentsaurreko bat egingo dute, besteak beste alderdiaren izenaren berri emateko, eta asteazkenean, berriz, Madrilen izango dira, Espainiako Barne Ministerioan alderdia erregistratzen.
Era berean, legeztatzea eskatzeko hainbat deialdi egin dira. Gaur, mobilizazioak egingo dira herrietan, eta hilaren 19an, manifestazio nazionala Bilbon.
Alderdi berriaren aurkezpenean izango da EAJ
Eragileetako 300 ordezkari inguruk onartu dute Lokarriren gonbita; etzi izango da ekitaldia, Euskaldunan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu