Ezker abertzalearen alderdi berria

Alderdi eta sindikatu gehienak izan dira aurkezpenean

EAJ, EA, Alternatiba, EB, Aralar eta ezker abertzaleko, sindikatu eta eragileetako kideek lepo bete dute aretoa

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Garaiz iritsi ziren ekitaldira gonbidatuak, eta, ezker abertzalearen azalpenak plazaratzeko orduak jo aurretik, lepo zegoen Bilboko Euskalduna jauregian prestatutako gela. Gela txikia hartu zuen lehenik Lokarrik, baina, gonbidapenek uste baino erantzun hobea izan zutela ikusirik, handiagoa hartua zuten ondoren; 300 pertsonarentzat egokitua, esperotakoaren bikoitza. Txiki geratu zen, halere. Gonbidatu askok zutik geratu behar izan zuten; behe aldean batzuk, eta, goi aldean, pilatutako kazetarien artean, beste askok. Aretoa lepo zegoela eta, gonbidapenik gabe joan zirenek ezin izan zuten lehen atea igaro.

Alderdi politiko gehienetako ordezkariak joan ziren ezker abertzalekoen azalpenak entzutera. Sindikatu ia guztietakoak, gizarte eragile askotakoak eta pertsona ezagun ugari. Txaloka erantzun zuten entzundakoa gonbidatuek. Ozen eta luze. Gogoz.

Ezker abertzaleko kide asko izan ziren entzule: egun politikagintzan murgilduta daudenak, dagoeneko horrenbeste agertzen ez diren historikoak eta gazteak. Baita politika egin izanagatik auzipetu eta politikagintzan aritzea debekatua dutenak ere. Bertan izan ziren, esaterako, Joseba Permach, Pernando Barrena, Txelui Moreno, Marian Beitialarrangoitia, Tasio Erkizia, Jose Ramon Etxebarria, Txomin Ziluaga eta Joana Regueiro.

Goi mailako ordezkaritza bidali zuten gainontzeko alderdi gehienek. EAtik, besteak beste, Pello Urizar, Ikerne Badiola eta Maiorga Ramirez izan ziren; Alternatibatik, Oskar Matute eta Jonathan Martinez; Aralarretik, Jon Abril eta Josu Murgia; Ezker Batutik, Mikel Arana, eta Zutik-etik, Joxe Iriarte Bikila.

EAJk ere bidali zuen ordezkaritza ekitaldira, mailarik gorenekoak izan ez arren: Iñigo Iturrate, Aitor Alzola, Mikel Martinez eta Maribel Vaquero egon ziren.

ELA, LAB, EILAS, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuetako ordezkariek bertatik jarraitu zuten azalpena. Baita modu pertsonalean joandako CCOOko bi kidek ere.

Hainbat abokatuk parte hartu zuten entzule gisa: Kepa Landak eta Jone Goirizelaiak, zein espetxetik berriki askatu dituzten Arantza Zuluetak eta Iñaki Goioagak. Etxerat-eko Mattin Troitiñok eta Beñat Zarrabeitiak ere bertatik jarraitu zuten ekitaldia, bai eta zenbait preso ohik ere.

Komunikazio alorreko pertsona ezagun ugari ere bertan ziren: BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi, Gara-ko zuzendari Iñaki Soto, Diario de Noticias-eko Joseba Santamaria, EKTko Juanmari Larrarte eta Mariano Ferrer kazetaria, esaterako.

Horiez gain, politikarien ondoan egon ziren Garbiñe Biurrun epailea, Paul Bilbao Kontseilukoa, Periko Solabarria EHUko irakaslea, Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburu ohia eta Jon Maia bertsolaria, besteak beste.

Halako ekitaldi askotan gertatu ohi denez, zenbait multzo sortu ziren amaieran. Permach, Matute eta Badiola elkarrekin aritu ziren, Urizarrek bi musu emanda agurtu zuen Goirizelaia, eta elkarrizketa adeitsuak ikusi ziren.

Hedabideen ikusmina ere handia zen, eta ezin kabitu ibili ziren haientzat prestatutako tokietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.