Errepideak

Alderdi guztiek onartu dute Gipuzkoako autobideetan 25 euroko muga jartzea

ViaT sistema dutenek Gipuzkoako errepideetan gehienez 25,64 euro ordaintzeko proposamena onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituren Batzordean.

2012ko urriaren 24a
19:31
Entzun

Alderdi guztiek aho batez onartu dute proposamena. Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituren Batzordean gaur onartutako proposamenak dioenez, etorkizunean Gipuzkoako autobideetan hilean gehienez 25,64 euro ordainduko ditu erabiltzaile bakoitzak. Orain Gipuzkoako Batzar Nagusiek berretsi beharko dute neurria, martxan jarri aurretik.

Adibidez, hilabeteko egun guztietan Donostiatik Eibarrera bidea egiten duten gidari guztiek, ViaT sistema (telepeajea) badute, datorren urtetik aurrera 25,64 euro ordainduko dituzte, orain hilean 73,35 euro ordaintzen dituztela azaldu du Ugartek.

Batzar Nagusiek onartu ostean, hilabete itxaron beharko dute erabiltzaileek neurria aplikatzeko, helburua 2013 urte hasierarako abian jartzea da. Hilero 25,64 euroko kopurua gainditzen duten 15.000 erabiltzaileri eragingo die, baita noizean behin gainditzen duten beste 28.000 erabiltzaileri ere.

Neurri berria onartu bitartean, ViaT sistemaren erabiltzaileek Gipuzkoako autobideetan izaten duten deskontua bidaia kopuruaren araberakoa izaten da: zortzigarren bidaia arte, %25 deskontatzen zaio; hogei bidaiara bitartean, %55; eta 21 bidaiatik aurrera, deskontua %75 izaten da. Neurri berria onartu arren, deskontu horiek aplikatzen jarraituko dute. Hilabetean 25,64 euro horien muga izango da berrikuntza, beraz; bi neurriak aplikatuko dizkiete muga hori pasatzen duten erabiltzaileei. Diru kopuru hori gainditzen duen pertsona orori, telepeajea badu soilik, diru kopurua berriro ere itzuliko diote.

Atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituren Batzordean onartutako neurriak AP-8 eta AP-1 autobideetako erabiltzaileei eragingo die, hau da, ViaT sistemadun Gipuzkoako autobideei.

Aukera hori baliatzeko, erabiltzailea Gipuzkoako edozein herritan erroldatuta egotea beharrezkoa izango da, eta baita zergei dagokionean betebehar guztiak egunean dituela ziurtatzen duen agiria aurkeztea ere.

Neurriak urtean 1,3 eta 1,8 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, baina hau Bidegik Bidelanekin duen kontratuan izan duen 1,3 milioi euroko jaitsierarekin orekatuko dela azaldu du diputazioak.

Guztien oniritzia

Alderdi guztiek neurria onartu duten arren, EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek "neurri partziala" dela azaldu dute; horrez gain, adierazi dute Bilduk "errepideko ordainketarako aurreikusten duen sistema integrala" ezkutatzen duela.

Era berean, Rebeka Ubera Aralarreko batzarkide taldeko bozeramaileak esan du oso urrats positiboa dela. Batez ere "herritarrek eskatutako neurria" delako. Nabarmendu du herrialde justu eta solidarioagoa erdiesteko lehenengo pausoa besterik ez dela izan, eta orain herritar guztien oreka bilatu beharra dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.