Ezker abertzaleak egindako apustu politikoaren oihartzuna Eusko Legebiltzarrera iritsi zen atzo, Ezker Batuaren ekimen baten bidez. Euskal Herrian sortu den abagune politikoan gidaritza hartzeko eta bakea eta elkarbizitza sustatzeko alderdien mahaia eratzeko eskatu zion EBk lehendakariari, legez besteko proposamen batekin, baina PSE, PP eta UPDren botoekin, ez zuten onartu. Haatik,hiru alderdi horiek bat egin zutenkontrako eskaria egiten duen proposamen bat aurrera ateratzeko: hala, Legebiltzarretik kanpoko alderdien mahairik ez eratzea, legez kanpoko alderdiekin ez biltzea eta ETAren kontrako borrokari «tinko» eustea galdegin zion Legebiltzarrak lehendakariari.
Elkarrizketa mahaia eratzearen aldeko ekimena duela bost hilabete aurkeztu zuen EBk, Gernikako Akordioa sinatu berri zenean, baina atzo arte ez zuten eztabaidatu. Ordutik, prozesuak abiadura handia hartu du, eta atzoko eztabaida horren isla izan zen. Euskal Herriko egoera politikoa dela eta, erdibituta agertu zen ganbera. Alde batean, EB, EAJ, Aralar eta EA agertu ziren, zabaldutako bake aukera baliatzearen eta ezker abertzalearen marka berria legeztatzearen alde.Eta, beste aldean, PSE, PP eta UPDk ezker abertzalearen apustua zalantzan jarri zuten eta bakea zuzenbide estatua defendituta etorriko dela azpimarratu zuten.
ETAren su-etenak eta Sortu alderdiaren sorrerak «beste bake aukera bat» ekarri dutela nabarmendu zuen EBko Mikel Aranak bere proposamenaren defentsa egitean. Hasitako bidea «geldiezina» dela eta «atzera bueltarik» ez duela iritzita, bazterketarik gabeko elkarrizketaren alde urratsak egiteko eskatu zion lehendakariari. Bakea lortu nahi bada «gidaritza hartu» eta «ekimen zehatzak» mahai gainean jartzeko tenorea dela gogoratu zion Lopezi.
EAJko Joseba Egibarren ustetan, beste aro politiko bat zabaldu da, eta ezinbestekoa da alderdi guztiak mahai berean esertzea bakea eta normalizazio politikoa erdiesteko. «Lehendakariari dagokio ekimena hartzea, baina egiten ez badu, EAJk sustatuko du elkarrizketa mahai hori, gizartearen parte-hartzearekin», Egibarrek jakinarazi zuenez. Horretarako Sortu legeztatzea funtsezkoa dela iritzi dio EAJkoak.
Aralarreko Aintzane Ezenarroren aburuz, berriz, bake aukera «bake iraunkor» bilakatzeko pausoak emateko unea da, eta lehendakariari dagokio «zuhurtziatik harago arriskatzea, ekimena hartzea eta lidergoa erakustea». Haren iritziz, premiazkoa da bake iraunkorra bermatuko duten akordio politikoak egitea, indarkeriak utzi dituen ondorioetan eragiteko eta presoen kaleratzeaz hitz egiteko.
EAren irudiko, ostera, Alderdien Legea indargabetzeak izan behar du lehentasuna, bazterketarik gabeko alderdien mahaia osatu nahi bada. «Bizi garen une historikoan erantzukizunez jokatu behar dugu. Aitzakiek ez dute balio. Espainiako Gobernuari eskatu behar dioguezker abertzaleari politikan aritzeko trabarik ez jartzeko», esan zuen Juanjo Agirrezabalak.
Jesus Loza PSEkoak, bestalde,adierazi zuen Legebiltzarra dela elkarrizketarako foro egokiena eta Espainiako Konstituzioa eta Estatutua direla elkarbizitzarako itunak. Ezker abertzalearen apustua «itxaropentsua» bada ere sinesgarri izateko ekintzak behar dituela adierazi zuen. Haren ustez, bakea lortzen bada, zuzenbide estatuaren tresnak erabilita izango da, baina inoiz ez ETA eta ezker abertzalearen ekimenengatik.
Gogorrago mintzatu zen Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkidea: «Hauteskundeetan ETA eta Batasunaren marka berri bat egotea saihestu behar dugu». Haren ustez, zeregin horretan gidaritza hartu beharko luke lehendakariak, edozein negoziazio bideri ateak itxita. UPDrentzat, elkarrizketa mahaiek Legebiltzarrean baino ez dute lekurik, eta bakeak «ohiko bide demokratikoetatik» etorri behar du.
Sorturen sorrera
Alderdi guztien arteko mahaia eratzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak
EAJ, Aralar, EA eta EBk ekimena hartzeko eskatu diote Lopezi, baina PSE, PP eta UPDk aurka bozkatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu