Esperanza Aguirre Madrilgo autonomia erkidegoko presidenteak Nafarroako alderdi guztiak batu ditu, itxura batean. Herenegun hautsak harrotu zituen Aguirrek proposatu zuenean Espainiako finantza publikoen arazoa konpondu egin daitekeela baldin eta justizia, osasun eta hezkuntzako eskumenak Espainiako Gobernuari itzultzen bazaizkio. Parlamentuko talde guztiak proposamen horren aurka azaldu ziren atzo, baita PPkoa ere. Enrique Martin Marcos PPko parlamentariak ukatu eginzuen Mariano Raxoik proposamen hori aztertu duela edo sikiera mahai gainean duela.
Juan Luis Sanchez Muniain Nafarroako Gobernuko eledunak azpimarratu du gobernuak ez diola beldurrik eztabaida horri. «Erabateko konfiantza» du foru erregimenean, eta gogora ekarri du Espainiako Konstituzioak eta Foru Hobekuntzak bermatzen dutela. Sanchez Muniainen arabera, «beste zenbaitetan erregimena auzitan jarri izan da, eta herritar gehienek ematen dioten konfiantzagatik aurre egin zaio».
Antzera mintzatu da Alberto Catalan Parlamentuko presidentea. «Gauza ez da eskumenak itzuli edo ez, baizik eta finantzak ondo kudeatu behar direla». Catalanen arabera, ez PP eta ez PSOE ez dira kudeaketa onagatik nabarmendu: «UPNk ez die uko egingo eraginkorrenak diren zerbitzuei».
Koalizio abertzaleek ere gogor kritikatu dute Esperanza Aguirrek egindako proposamena. Bakartxo Ruiz Bilduko eledunaren arabera, PPk «bere aurpegirik zorrotzena» erakutsi du proposamen zentralista horren bitartez. «Nafarrok dugun erabaki ahalmen mugatuari aurrez aurre eraso egin nahi zaio». Ruizen irudiko, Estatuari aurre egin behar zaio. «Gero eta argiago dago gure politika ekonomikoak zehazteko erreminta eta mekanismo propioak behar ditugula».
Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak adierazi du koalizioak ez duela onartuko «zalantzan jartzea» Nafarroako autogobernua. Eskumenak itzultzea «onartezina» dela iritzi dio. «Behar bada, lantzekin aterako gara». Bere hitzetan, Aguirrek nahi duena esan dezake, baina agerian uzten du Espainiako Gobernuak arazo bat duela: «Erkidego guztiei tratamendu bera eman nahi izan diete, eta hori ez zetorren bat errealitatearekin».
Ezkerra koalizioko Jose Miguel Nuinen arabera, agerian geratu da PPn «eskuin mutur espainiarra» dagoela. «Gure alderdia proposamen horien aurka borrokatuko da, eta sinetsita gaude irabaziko dugula». Bere ustez, Esperanza Aguirre «eskuin muturraren eleduna» da.
Maite Esporrin PSNko parlamentariaren arabera, berriz, PSN eskumenak itzultzearen «guztiz kontra» dago, «atzerakada handia» litzatekeelako.
Alderdi nafar guztiak, eskumenak itzultzearen aurka
Parlamentuko talde guztiak Esperanza Aguirrek egindako proposamenaren aurka azaldu dira erabat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu