Politika

"Alderdia batuta dago, tentsioak tentsio"

Llanosek adierazi du alderdia "batuta" aterako dela EAEko PPren kongresuaren ondotik. Donostiako Kursaalean egingo dute, gaur eta bihar. Arantza Quiroga PPko presidenteak atzo jakinarazi zuen Llanosen izendapena: zuzendaritza berriak berretsi egin beharko du kongresuan.

Nerea Llanos, PPko idazkari nagusi berria. JUANAN RUIZ, ARP
E. Begiristain - A. L. Lizarribar
2014ko martxoaren 7a
10:44
Entzun

Iñaki Oiarzabal ordezkatzeko prozesuak "tentsioa" sortu duen arren, alderdiak "batuta" egingo duela aurrera, hala baieztatu du Nerea Llanosek, EAEko PPren idazkari nagusi berriak. Atzo jakinarazi zuen haren izendapena Arantza Quiroga alderdiko presidenteak. Izendapena "sorpresa" izan dela dio Llanosek, eta gogoratu du berretsi egin behar duela oraindik bere izendapena zuzendaritza berriak: gaur eta bihar artean egingo den EAEko PPren ezohiko kongresuan izango da hori, Donostiako Kursaalean. "Gaurko eta biharko lanek baliatuko dute alderdia herritarrengandik gertuago egotea eta Euskadi aurrera ateratzeko erronkei erantzutea", adierazi du Llanosek. 

Laura Garrido PPren bozeramaile berriak ere adierazpenak egin ditu, Llanosen ildo beretik. Alderdia "indartuta" aterako da kongresutik, haren ustez. Gaineratu du "pozik" dagoela Leopoldo Barredaren ordezko izendatu dutelako. EAEko PPk, aurretik ere, "momentu oso konplexuak" gainditu izan dituela baieztatu du Garridok, eta beti jakin izan duela unean uneko testuinguruari erantzuten.

Oiarzabalek, berriz, esan du idazkari nagusiaren izendapenarekin sortutako "nahaspila" ez zela "beharrezkoa". Haren ustez, gauzak ez dituzte "ondo" egin, baina arazoari "erantzuna ematen asmatu du". Antonio Basagoitiren idazkari nagusia zen Oiarzabal, eta badaki Quirogak ez duela zertan hura "mantendu", baina adierazi du Quirogak "azalpenak" eman beharko dizkiola zuzendaritza taldean zergatik ez duen jarraituko argitzeko. "Dagokion" lekuan jarraituko du lanean Oiarzabalek, bai EAEn bai Espainian.

Honako hau izango da EAEko PPren zuzendaritza berria: Quiroga, Llanos eta Garridoz gain, hiru idazkariorde izango ditu, baten ordez, eta Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako presidenteek hartuko dute ardura hori —Borja Semper, Anton Danborenea eta Alfonso Alonsok, hurrenez hurren—.

Tentsioak alderdian

EAEko PPren 14. kongresuaren atarian, zatiketa ate-joka zuen Quirogaren alderdiak. Oiarzabal idazkari nagusiaren kargutik kentzeko erabakia hartuta lehenik, eta haren ordez proposatutako Manuel Uriarte Gasteizko zinegotziak ezezkoa eman ostean, ez zen giro alderdian. Atzo hartutako erabakiarekin urak baretu nahi izan ditu Quirogak alderdian, eta batasun irudia ematen ahalegindu da. "Talde trinkoa osatu dugu, talde on bat Euskadik duen garai berriari heltzeko".

Idazkari nagusi izateko hautagaiarekin batera, bestelako berritasunak ere izango ditu EAEko PPren egitura berriak. Batetik, baten ordez hiru presidenteorde izango ditu alderdiak: herrialde bakoitzetik bat. Egun presidenteorde den Anton Danborenearekin batera, Alfonso Alonsok eta Borja Semperrek ere izango dute kargu hori. Bestetik, idazkaritzan ere herrialdeen arteko oreka lortzen saiatu da Quiroga, eta, idazkari nagusiaren karguarekin batera idazkariorde nagusia ere izango du alderdiak; kargu hori Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak beteko du.

Kongresurako egunaren bezperan hartu du erabakia PPk. Inor gutxik espero zuenean, gainera. Izan ere, atzo egun osoz buruzagi nagusi batzuk atsedenik gabe aritu ziren adostasun bila Eusko Legebiltzarrean. Osteguneroko saioa zuten goizean, eta plenoa ohiko eztabaidan zegoen bitartean, Quiroga, atzora arteko idazkari nagusi Oiarzabal, Anton Danborenea Bizkaiko PPko presidentea eta Borja Semper Gipuzkoakoa parlamentuko kafetegian ziren euren eztabaida partikularrean.

Legebiltzarrera iristean, "fumata zuririk" ez zegoela jakinarazi zuen Quiroga presidenteak; eta horrexen bila jarraitzen zutela. Kafearen ondoren, krisia konponduko zen sinesmena plazaratu zuen hark: "Egoera zailagoak gainditu ditu PPk. Hau ondo aterako da", adierazi zuen. Areago, kongresua "lasaia" izango dela esatera ere ausartu zen.

Arratsaldeko prentsaurrekoan, krisia konpondutzat jo, eta batasunaren mezua helarazten saiatu zen Quiroga. Ez zituen barne krisiari buruzko galderak erantzun nahi izan, eta gidoitik atera gabe aritu zen hedabideen aurrean. "Garrantzitsuena da akordio bat lortu dugula. Arduraz eta egoerak eskatzen duen mailarekin jokatu dugu". Oiarzabali buruz galdetu ziotenean, haren defentsan atera zen, baina ur handitan sartu gabe: "Oiarzabalek badaki alderdiaren babes osoa duela. PPko kidea da, eta hala izango da aurrerantzean ere".

Cospedalen babesa

Idazkari nagusiaren berri eman baino ordu batzuk lehenago, hautagaia adostu gabe zegoela, Maria Dolores de Cospedal Espainiako PPren idazkari nagusiak alderdiaren babes osoa adierazi zion Quirogari. Horren jarrera ulertzen duela adierazi zuen, nolabait: "PPren nazio zuzendaritzak oso argi du alderdia zuzenduko duenak bere konfiantzako taldea izan behar duela". Adostasuna beharrezkoa duela esan zuen De Cospedalek, baina ez litzatekeela «logikoa» buruzagi nagusiak bere taldea aukeratu ezin izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.