Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak alderdi guztiak mahai berean eseritzera deitu zituen ekonomia indarberritzeko akordioak lortzeko asmoz, aurrekontuen proposamena bertan behera utzi ondoren. Bihar dute, beraz, alderdiek, krisia gainditzeko ahalegina nola egingo duten eztabaidatzeko hitzordua, baina aurretik esandakoak kontuan hartuta, ez dirudi, ezer handia lortzekotan daudenik. EAJk akordioak lortze aldera, bi gauza aurreratu ditu.
Batetik, PSE-EEri eta EH BIlduri ukatutako eskaera bat proposatuko du biharko bileran: Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Ogasun departamentuetako datuak bat besteari eman ahal izatea, "denbora errealean". Bestetik, gainerako alderdiek eskatutako proposamen "konkretuagoak" eramango dituela jakinarazi du.
"Eszeptiko" daude, baina, EH Bildukoak, haien ustez, akordioek beste eredu sozioekonomiko baten bila joan behar dutelako; PSE-EErentzat, berriz, "oso zaila" da bihar akordioren batera heltzea. Gauza askotaz hitz egin nahi dute, eta mahai berean iritzi oso ezberdina duten alderdiak elkartuko dira. "Ulermen gehiago lortzeko sukalde lan handiagoa egin behar du Urkulluk, eta zer nahi duen esan", Patxi Lopezek aurreratu duenez.