Alderdien arteko bilera prestatzeko xedea du HNTk

Harremanetarako Nazioarteko Taldea politikako eta gizarteko ordezkariekin bilduko da gaur eta bihar, BilbonEspainiako Gobernuaren «immobilismoa» arriskutsua dela ohartarazi du Lokarrik

Koldo Aldabe.
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herrira iritsi zen atzo HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea —Silvia Casale, Brian Currin, Pierre Hazan, Ray Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowskik osatua—, gaur eta bihar alderdi politikoetako ordezkariekin eta hainbat gizarte eragiletakoekin hitzartuta dauzkan bileretan parte hartzeko.

Bi egunotan izango dituzten hartu-eman horien bidez, Euskal Herriko alderdi politiko guztien arteko bilera bat antolatzea izango da HNTren xedea. Horretarako etorri da oraingoan, ETAk jardun armatua behin betiko alboratu duenean, alderdi politikoak konbentzitzera bakeari eta normalizazioari buruz hitz egin dezaten mahai baten inguruan.

Joan zen astean HNTko kide batek, Alberto Spektorowski israeldarrak aurreratu zuen taldeak egunotako bisitari ezarritako helburua, eta atzo Lokarri gizarte sareko koordinatzaile Paul Riosek baieztatu zuen gauza bera.

Hain zuzen ere, Lokarri erakundeak ematen dio HNTri laguntza Euskal Herrira etorri ohi denean. «Guk laguntza ematen diogu, konpromiso batekin: erabateko diskrezioa gordetzea HNTk dituen bilerei buruz eta egiten duen lanari buruz», argitu zuen, atzo, Riosek. Zorrotz gordetzen dute taldean agenda hori, eta gaur-gaurkoz HNTk ez du ofizialki esan Euskal Herrian direla eta alderdiekin bilduko direla.

Dena den, jakina da, alderdiek ere baieztatu dutenez, Euskal Herriko talde politiko ugarik parte hartuko dutela, PPk eta UPNk salbu —UPD ere ez da izango—, baita Ipar Euskal Herriko ordezkari politikoek ere.

Hasierako helburua

Alderdi guztiak mahai berean bildu eta bakeaz eta normalizazio politikoaz mintzatzen jartzeko bidea irekitzea HNTk bere buruari jarritako helburuetako bat izan da hastapenetik. 2010eko azaroan osatu zen, eta orduan argitara emandako Mandatua-n idatzia zetorren xede hori: «Indar politikoek eskatzen duten neurrian, elkarrizketa eta negoziazio alderdi-aniztuna bultzatu, erraztu eta ahalbidetzea, inongo baldintzarik gabe eta emaitza aurretik zehaztu gabe, Mitchell Printzipioen menpe. Gatazka politikoa gainditzeko akordio barneratzaile bat lortzea litzateke elkarrizketa eta negoziazio alderdianiztunaren helburua», zioen hitzez hitz.

Sortu alderdia legeztatzea ere bultzatzen ari da HNT, eta ETAren su-etena egiaztatzea ere jarri zuen xedetzat, gaur egun Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen esku dagoena — HNTk berariaz osatu zuen talde hori—.

Arriskuak eta aukerak

Paul Riosek Lokarriren agerraldi batean aurreratu zuen HNTren helburua zein izango den. Prentsaurreko horretan bertan, Riosek kezka agertu zuen Espainiako Gobernuaren jarrerarekiko: «Bake prozesuaren arrisku nagusia gobernuak mugimendu esanguratsurik ez egitearen aukeran datza. Kasu honetan, bake prozesuaren blokeo irudikapen bat sor dezake», adierazi zuen. Riosen ustez, ulergarria da gobernuak denbora behar izatea bere estrategia definitzeko, «baina ezin da aitzakia izan geldirik eta ezer egin gabe egoteko». Aldiz, Nazioarteko Egiaztapen Batzordeak baieztatutako ETAren jardunaren amaiera «bake prozesuan aurrera egiteko aukera nagusia» dela baieztatu zuen Lokarriko koordinatzaileak. Gero eta ahots gehiagok espetxe politika aldatzea eskatzea, biktimen aitorpenean urratsak egitea zein alderdi politikoen arteko harremanetan normaltasun handiagoa egotea ere prozesuan aurrera egiteko urrats gisa azaldu zituen Riosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.