Legearen aldetik, dirua irabazteko asmorik ez duten erakunde pribatuak dira alderdi politikoak. Administrazioaren diru laguntzak jasotzen dituzte, baita laguntza pribatuak ere; egoitzak dituzte, langileak eta zorrak. Ondasun horiek guztiak, baina, «funtzio publiko transzendental» bat betetzeko baliabideak dira, «herriaren borondateari bide emateko eta ordezkatzeko tresnak» baitira alderdi politikoak.
Alderdien finantzaketa arautua dago; kontrol neurriak bete behar dituzte. Esate baterako, Hego Euskal Herriko alderdi politikoek euren diru sarrera eta gastu guztiak urtero justifikatu behar dituzte Espainiako Estatuko Diru Kontuen Ganberan. Hala ere, alderdien barruan izaten diren ustelkeria eta eroskeria kasuak eguneroko kontu bihurtu dira komunikabideetan.
Finantzatzeko orduan, eredu mistoari jarraitzen diote Euskal Herriko alderdi politikoek. Instituzioen eta gizabanako zein enpresa pribatuen diru laguntzak jasotzen dituzte, baldintza eta muga batzuekin. Azken batean, alderdi politikoek autoerregulatu egiten dute euren finantzaketa; haiek dira, instituzioetan duten ordezkaritza dela-eta jasoko dituzten diru laguntzak, eta baita soldatak ere, zehazteko ardura dutenak. «Diru laguntzak jasotzen dituztenak horiek banatzen dituzten berberak izateak mesfidantza sortzen du herritarren artean. Ez da harritzekoa, beraz, gizarteak alderdi politikoak ustelkeriarekin lotzea», dio Joan Lluis Perez Francesch legelariak.
Diru laguntza publikoak dira alderdien finantzaketa iturri nagusia. Gastuen %80-90 modu horretan finantzatzen dute. Soilik Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei erreparatuz, 2011. urtean 6,3 milioi euro jasoko dute Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek. Diru kopuru hori Legebiltzarrean duten pisuaren arabera banatzen da. Ordezkaritza handiena duen alderdiak, EAJk, adibidez, 2,5 milioijasoko ditu. Hortik kanpo geratzen dira legebiltzarkideen soldatak, dietak eta legebiltzar taldea osatzeagatik jasotzen dutena.
Diru laguntzei dagokienez, iazko diru kopuru bera da, nahiz eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitzeman zuen gastu hori, funtzionarioen soldaten antzera, murriztu egingo zuela. Hala, Jaurlaritzak eginiko proposamenaren arabera, alderdiek 5,98 milioi euro jaso behar zituzten aurten, 2010ean baino %5 gutxiago. Baina alderdi guztiek bat egin zuten hasierako erabaki horren kontra, eta proposamen bateratu bat aurkeztu zuten Legebiltzarrean, 315.00 euro gehiago eskatuz. Jaurlaritzak proposamena onartu egin zuen.
Diru laguntzak ez dira hor amaitzen. Alderdien egoitzen segurtasuna bermatzeko 800.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak. Eta aurten udal eta foru hauteskundeak egingo direnez, diru sail berezi bat emango du hauteskunde kanpaina finantzatzeko. Horri gehitu behar zaio alderdi politikoen fundazioentzat emango dituen 350.000 euroak.
Eta hori Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan bakarrik; izan ere, gisa horretako laguntzak gainontzeko instituzioek ere ematen dituzte —batzar nagusiek, udalek eta Espainiako Gorteek— , bertan ordezkaritza duten alderdiek nahi eran.
Nabarmentzekoa den beste puntu bat: legeak ez du mugarik ezartzen banatu dezaketen diru kopuruari dagokionez.
Alderdien zorrak eta bankuak
Instituzioen zein gizabanakoen eta enpresen aldetik jasotzen dituzten diru laguntza guztiak justifikatu behar dituzte erakundeetan ordezkaritza duten alderdiek Estatuko Diru Kontuen Ganberan. Erakunde horren funtzionamendua, baina, oso mantsoa da, eta ez dauka zigorrak ezartzeko ahalmen handirik. Hala, alderdi politikoen fiskalizazioari buruzko azken txostena 2006koa da —Espainiako Gorteek iaz onartu zuten txostena—. Txosten horren arabera, 2006an EAJk 6,7 milioi euro jaso zituen administrazioen aldetik. EAk 2,5 milioi, UPNk 1,3 milioi, EHAK-k, 1,17 milioi, Aralarrek 0,5 milioi, CDNk 0,25 milioi eta NaBaik 0,24 milioi. PPk, berriz, 64,8 milioi jaso zituen PSOEk 62,7 milioi eta IUk (EB barne) 6,2 milioi.
Finantzaketa pribatuari dagokionez (afiliatuen kuotak barne), zifra hauek agertzen dira: EAJk 6 milioi euro jaso zituen 2006an, EAk 1,4 milioi, Aralarrek 0,5 milioi, UPNk 0,13 milioi eta UPNk 13.000 euro. PSOEk, berriz, 20 milioi, PPk 14 milioi eta IUk 3,5 milioi.
Txosten horrek datu kezkagarri bat uzten du agerian: alderdiek bankuekin dituzten interes zorrak kitatzeko edota berriz negoziatzeko duten joera. Orotara, 191 milioi zor zizkieten alderdiek bankuei 2006an. Ikerketan azaltzen denez, urte horretan alderdi batzuek urte luzeetan bankuekin zituzten interes zorrak kitatu zituzten. Santanderrek eta BBK-k, adibidez, 33 milioi «barkatu» zizkioten PSOEri.
Joera hori alderdi guztietan izaten dela salatu du behin baino gehiagotan Diru Kontuen Ganberak. Espainiako Gorteek 2007an aldatu zuten Alderdien Finantzaketaren Legea, baina horrek ez du alderdien eta bankuen arteko hartu-emanetan eraginik izan, legeak ez baitu mugarik eta baldintzarik ezartzen. Kontuen Ganberaren arabera, bankuen eta alderdien arteko harremana «sakonki arautu» behar da. Legedian dagoen hutsunea dela eta, gerta liteke bankuek «ezkutuan finantzatzea» alderdi politikoak, intereszergak «barkatuta» edo bestelako erraztasun batzuk emanda.
Diru laguntza anonimoak
2007ko legeak ekarri zuen berrikuntza nagusienetako batdiru laguntza anonimoen debekua izan zen. Kontuen Ganberak 2006an eginiko txostenean jasotzen denez, urte horretan PPk, CIUk, PSOEk eta EAJk jaso zuten jatorri ezezaguneko diru laguntza guztiaren %90: 8,1 milioi euro. Azterketa horretan ez da zehazten PPk (3 milioi) eta PSOEk (0,5) ez beste alderdiek jaso zutena. 2005eko legealdiari buruzko txostenean, berriz, EAJk justifikatu gabeko milioi bat euro jaso zuela azaltzen da.
Alderdien finantzaketa arautzen duen legearen arabera, alderdiek pertsona edo enpresa baten diru laguntzak jaso ditzakete, 100.000 euro gehienez (legea aldatu aurretik kopuru hori 60.000 eurokoa zen). Ondasun materialak, berriz, mugarik gabe jaso ditzakete. Legearen aldaketarekin, laguntza horiek guztiak notario baten aurrean izenpetu eta justifikatu behar dira.
Konparazio gisa, Frantziako Estatuan erregistratuta dauden alderdi politikoek gizabanako baten 4.600 euroko diru laguntza jaso dezakete hautagai bakoitzeko eta 7.500 euro alderdiko. Debekatuta dago enpresen diru laguntzak onartzea.
Alderdi politikoen finantzaketa iturri nagusia diru laguntza publikoak badira ere, finantzaketa pribatua sustatzeko hainbat neurri jasotzen ditu Espainiako Estatuako legediak. Besteak beste, alderdiei diru laguntzak ematen dizkieten gizabanako zein enpresek kenkariak jasotzen dituzte errenta aitorpenetan. Alderdi politikoek, halaber, ez dute sozietateen gaineko zerga ordaindu behar.
Legelarien artean ez dago adostasunik gai horren inguruan. Batzuek uste dute estatuak emandako erraztasunen bitartez enpresek alderdien erabakietan izan dezaketen eragina handitu egingo dela. Beste batzuek, aldiz, uste dute alderdien finantzaketak administrazioari dakarkion gastua eta mendekotasuna gutxituko dela, alderdien autonomiaren mesedean. Nolanahi ere, neurria indarrean sartu zen urtean, 2007an, administrazioen diru laguntzak %20 handitu ziren, baita enpresa pribatuarenak ere.
Bankuekin ez bezala, alderdi politikoen eta enpresen arteko harremana araututa dago. Adibidez, legeak debekatu egiten du administrazioarekin kontratuak dituzten enpresen diru laguntzak jasotzea. Neurri horrekin bat datoz legelari gehienak, baina, batzuen ustez, legeak baditu zenbait hutsune. «Une zehatz batean administrazioarekin kontratuak dituzten enpresen diru laguntzak debekatzeak ez du esan nahi enpresa horiek aurretik edo ondoren alderdiak finantzatuko ez dituztenik. Gerta liteke, gertatu denez, boterera iritsi aurretik alderdi politikoak finantzatu dituzten enpresek ondoren administrazioan den alderdiarekin kontratuak hitzartzea», dio Pilar Cubilas legelariak.
Erabateko debekuaren inguruan, Jose Maria Gorordo EAEko Diru Kontuen Ganberako presidenteak erdibideko proposamen baten alde agertu da. Gorordoren arabera, instituzio baten gobernuan dauden alderdietako kideez gain, administrazioaren erabaki organoetan oposizioko alderdietako ordezkariek ere egon behar dute. Sail eta enpresa publikoen aurrekontuen prestaketan eta erakunde horiek enpresekin egingo dituzten kontratuen kontrolerako «neurri eraginkorra» izango litzateke hori, legelariaren aburuz. «Oposizioak prozesuaren amaieran parte hartzen du soilik, urrunetik eta ia denborarik gabe. Prozedura guztian oposizioko kide batek parte hartuko balu, ez lirateke, akaso, irregulartasunak eta legez kanpoko jarrerak eragotziko, baina asko lagunduko luke kontratazio publikoak argiak izan daitezen zaintzeko orduan», nabarmendu du Gorordok.
Alderdi politikoen finantzaketa
Alderdien diruak
Diru laguntza publikoak dira alderdi politikoen finantzaketa iturri nagusia. Gastuen %80-90 inguru modu horretan finantzatzen dute. Azken urteetan, baina, ugaritu egin dira gizabanakoen zein enpresa pribatuen diru ekarpenak eta alderdien eta bankuen arteko hartu-emanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu