Batasunaren ilegalizazioa

Alderdien Legea "berehala indargabetzeko" eskatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek

EB-IUren ekimenez, Espainiako Alderdien Legea "berehala indargabetzeko" eskatzen duen ez arauzko proposamena onartu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. EAJk eta EAk ekimenaren alde bozkatu dute, eta PPk zein PSE-EEk, berriz, aurka. Batasuna Alderdien Legearen bidez ilegalizatu zuten, eta onartutako testuan esaten da milaka euskal herritarrei nahi duten alderdiari boza emateko eskubidea debekatu zaiela. Halaber, "terrorismoaren biktima guztiei" elkartasuna adierazi diete, batik bat, Martxoaren 11koei.

2004ko apirilaren 23a
19:12
Entzun
Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu duten testuak Espainiako Kongresuari eskatzen dio "berehala indargabe dezala" Alderdien Legea, eta esaten du, urrats hori ezinbestekoa dela "euskal herritarren eskubide demokratikoak" berreskuratzeko.

EB-IUko Jose Ferrerasek aurkeztu du ekimena, eta esan du milaka euskal herritarrei eskubideak murriztu zaizkiela, zehazki, eurek nahi duten proiektu politikoari boza ematekoa. "Jose Maria Aznarren Gobernuaren garaian saiatu ziren talde terrorista bat Euskal Herri osoarekin identifikatzen, eta manipulatu egin zen ETA proiektu politiko jakin batekin identifikatzeko", azpimarratu du.

EAJk eta EAk bat egin dute ekimenarekin. PPk eta PSE-EEk, ordea, kontra bozkatu dute eta Alderdiaren Legeak "terrorismoaren kontrako borrokari egindako mesedea" nabarmendu dute.

Alderdien Legea gaitzesteaz gain, "terrorismo guztien biktimei" elkartasuna adierazten die Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako testuak, batik bat, Martxoaren 11ko Madrilgo sarraskiko biktimei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.