Politika

Alderdien Legea beteko duten estatutuak izango ditu ezker abertzalearen alderdi berriak, eta indarkeria errefusatuko du

"Indarkeriaren erabilpena eta indarkeriazko mehatxua" errefusatuko dituela aurreratu du ezker abertzalearen 200 kidek egindako aurkezpenean, eta soilik bide baketsu eta demokratikoen bitartez ariko dela euskal estatu baten alde, "Euskal Herri batu, independiente, sozialista eta feminismoaren oinarrietan eraikitakoa". Barne egitura "burujabea" izango du, "interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre" egongo dena. Ezker abertzalearen konpromisoa "tinkoa eta zalantzarik gabekoa" dela adierazi dute.

2010eko azaroaren 27a
13:45
Entzun
Ezker abertzaleak ziklo berrirako antolakundea aurkeztu du Iruñean. Alderdi berriaren oinarriak dokumentu batean bildu dituzte eta 200 lagun baino gehiagok parte hartu dute aurkezpenean. Marian Beitialarrangoitiak irakurri ditu proiektu berriaren oinarriak euskaraz eta Rufi Etxebarriak gazteleraz. Estatutoak datozen asteetan aurkeztuko dituzten arren, egungo legedia beteko dutela aurreratu dute, alegia, Alderdien Legea.

Beitialarrangoitiak esan duenez, indarkeriaren erabilpena eta indarkeriazko mehatxua errefusatuko ditu alderdi berriak, eta bere proiektu politikoa gauzatzeko "bide baketsu eta demokratikoak soilik" baliatuko ditu, besteak beste, borroka ideologikoa eta desobedientzia zibila. "Proiektu politiko honen baitan ez dago indarkeriazko mehatxuarentzat tokirik", esan du, eta modu horretan "hainbat belaunaldiren ametsa indartu" nahi dela gaineratu du, "euskal estatuaren alde, Euskal Herri batu, independiente, sozialista eta feminismoaren oinarrietan eraikitakoa".

Interferentzia, menpekotasun edo baldintzarik gabe

Beitialarrangoitiak eta Etxebarriak proiektu politiko berriaren printzipiok irakurri dituzte, eta zazpi aipatu dituzte: independentzia, euskalduntzea, sozialismoa, justizia eta askatasunean oinarrituko den etorkizun baketsua, feminismoa, herrien arteko elkartasun internazionalista eta antiinperialista eta demokrazia parte-hartzailea. Gainera, alderdi berriak barne estruktura eta funtzionamendu demokratikoa izango duela esan dute: "Eztabaida eta erabakitzeko barne egituren burujabetza ziurtatuko da, beti ere interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre, hausnarketan eta bere lerro politikoa zehazteko orduan autonomia osoarekin arituko delarik".

"Soilik oinarri demokratikoen errespetutik bil daitezke gehiengo instituzional eta sozialak. Gehiengo hauek izan behar luketelako prozesu politikoa eskubide kolektibo eta norbanakoenak zinez errespetatuko diren agertokirantz aurreratzea ahalbideratuko dutenak, beti ere gure helburu independentista eta sozialista jomugan hartuta", dio irakurri duten adierazpenak. Azkenik, ezker abertzalearen konpromisoa "tinkoa eta zalantzarik gabekoa" dela adierazi dute, eta ez duela egon behar "egoeraren araberako faktoreen edo aldagai taktikoen menpe".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.