Politika orokarrari buruzko saioa Eusko Legebiltzarrean

Alderdien mahaia eratzeko aurrekoardioa Ahotsak-en adierazpenean oinarritzea proposatu du Ibarretxek

Bakegintzan eta normalizazio politikoan aurrera egiteko Gobernuak arlo horietan “aktibo” izan behar duela agertu du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko saioan. Ildo horretatik, proposamen zehatzak egin ditu: besteak beste, “normalizazio politikorako ibilbide orria”. Alderdien mahaia eratzeko aurreakordio gisa Ahotsak ekimenaren adierazpena oinarri hartzea proposatu du.

2006ko irailaren 22a
17:03
Entzun
Normalizazio politikorako ibilbide orriaren nondik norakoak hiru hitzetan laburbildu ditu Ibarretxek: elkarrizketa, akordioa eta kontsulta.Hala ere, sei proposamenetan garatu du ibilbide orri hori: batetik, alde biko elkarrizketetatik denen harteko elkarrizketara jauzi egiteko garaia dela iritzi dio; bestetik, guztien arteko elkarrizketa horretarako arau “etiko eta demokratiko minimoak” aldez aurretik adostu behar direla uste du. Hau da, alderdien mahaia osatzeko aurreakordio bat behar dela.

Ildo horretatik, aurreakordio hori gauzatzeko proposamen zehatza egin du: hainbat alderdi eta sentsibilitate politikotako Euskal Herri osoko emakumeek abian jarritako Ahotsak ekimena aintzat hartzea; hau da, Ahotsak-en manifestua aurreakordioaren oinarri izatea. Sentsibilitate politikoak zein lurraldetasuna aintzat hartuta, orain arte normalizazio politikoaren inguruan lortu den akordio zabalena Ahotsak-ena dela azpimarratu du lehendakariak.

Horrez gain, alderdien mahaiaren metodologia zehazteko lan talde bat osatzea, Batasuna legeztatzeko bidea, eta mahaia EAEn osatu arren Nafarroari eta Ipar Euskal Herriari atea zabalik uztea proposatu du Ibarretxek.

Herritarren parte hartzea

Euskal gizarteak prozesuan zuzenean parte hartzea beharrezkoa dela nabarmendu du. Lehendakariaren hitzetan "euskal gizartea baita bidelagun eta berme, bakea eta normalizazio politikoa ekartzeko prozesuetan".

Gizartearen partaidetza bultzatzeko proposamena egin du Ibarretxek eta hiru hitzetan laburbildu du: erraztu, bideratu eta lagundu. Horretarako beharrezko tresnak udalak, bakearen aldeko herritarren mugimenduak eta ekonomia eta gizarte arloetako eragileak izatea proposatu du lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.