Hemendik hiru urtera. Orduan hasiko dira Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) eraisten. Espainiako Gobernuak eman du berria, Amaiurrek Kongresuan egindako galdera bati erantzunez. Gaur argitaratu dute berria Espainiako Kongresuko Adizkari Ofizialean. Bertan jasotzen denez, eraistea aldi bakarrean egingo dute, eta sei urte iraungo duela uste dute. 2022rako eraitsita beharko luke, beraz, Garoñak.
PSOEren gobernuak emana zuen zentral nuklearra aurtengo uztailaren 6an ixteko agindua. Baina PP gobernura iritsi zenean agindua bertan behera utzi, eta aukera eman zion zentrala kudeatzen duen enpresari (Nuclenorri) jarduera baimenaren luzapena eskatzeko. PPren arabera, posible zen zentralak irekita jarraitzea 2019 arte. Ustekabean, enpresak ez zuen eskaera aurkeztu, eta, beraz, ixteko eta eraisteko prozesua abiatu behar zela esan zion CSN Espainiako Segurtasun Kontseiluak Nuclenorri.
Iazko abenduaren 16an geratu zuen Nuclenorrek Garoña. Espainiako Gobernuaren erreforma energetikoari oniritzia eman zioten Kongresuak eta Senatuak. Erreforma horren ondorioz, zergetan 153 milioi euro pagatu beharko zituen Nuclenorrek urtean. Ezin ziola gastuari aurre egin esan zuen, baina gobernuak erreforma atzera botako balu zentrala berriz martxan jarriko lukeela. "Behin betiko itxiera" hitzak erabili zituen Nuclenorrek.
Hau da zentralaren mende erdiko ibilbidearen kronologia: