Alduntzinek uste du gezurrekin erantzun zaiola atez atekoari
EAJ eta PSE-EE atez atekoaren aurkako kanpaina «gezurrekin» egiten ari direla uste du Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak. Horrela leporatu zien atzo EAJko kide Zorion Etxezarragari eta PSE-EEko kide Mikel Serranori. Ormaiztegin mahai ingurua antolatu zuen Goiberri kazetak; hondakinen inguruan Gipuzkoan sortu den eztabaidaz aritu ziren solasean. Aralarreko Aser Lertxundi ere bertan izan zen. Alderdi politiko guztiak birziklatzearen alde daudela eta helburu horretan ados jarri behar dela adierazi zuen Lertxundik. Diputazioak joan den astean aurkeztu zuen hondakinen plana txalotu zuen Aralarreko kideak, hondakinen tratamenduari konponbide egokia ematen diolakoan. Etxezarragak eta Serranok guztiz bestela hartu dute plana; uste dute adostasuna lortzeko urteetan «lan isila» egin dela eta Bilduk adostasun hori zapuztu duela. Serranok adierazi zuen errauste plantek osasunari ez diotela inolako kalterik egiten. Etxezarragak, berriz, ezinezko ikusten du aldundiaren plana indarrean jartzea. Ez du uste posible denik proposatutako azpiegiturak bi urtean eraikitzea: «Ez dago denborarik egin nahi duzuena egiteko». Alduntzinek, berriz, erantzun zien udalen erabakiak ez dituztela aintzat hartu. PSE-EEri eta EAJri eskatu die gogoan hartzeko bilketa selektiboa handitzea erabaki dutela Gipuzkoako udal gehienek eta Europako Batasunak ere birziklatu eta konpostatu ezin dena ez erretzeko agindu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu