Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa Batzar Nagusietan erregistratu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Uztailaren 6an eztabaidatuko dute. Markel Olano (EAJ), Rafaela Romero (PSE-EE) eta Juan Carlos Cano (PP) joan dira mozioa erregistratzera. Hiru alderdiek gehiengo osoa dute Batzar Nagusietan, eta mozioak aurrera egingo du okerrik ezean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko aurkeztu duen plana kaltegarritzat jo izan dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Bilduk instituzioetan darabilen kudeaketa ereduak "porrot" egin duela eta "inposizio jarreran" oinarritzen dela salatu dute. Eredu hori aldarazteko aurkeztu dute mozioa, Olanoren hitzetan: "Mozioaren helburua da Bilduk jarrera aldatzea, Gipuzkoako hondakinen gaineko liskarra amaitzea eta elkarrekin ados jartzeko bideak aurkitzea". Olanoren ustez, hondakinen gaineko politikak finkatzeko eskumenak kendu dizkie Bilduk Batzar Nagusiei. "Bilduk erabaki hau hartzera behartu gaitu", adierazi du.
Gipuzkoako Foru Aldundian ez ezik, udaletan ere "porrot" egin du Bilduk, Romeroren ustez; zentsura mozio hau ez dela aski izango erantsi du. Canoren ustez, Martin Garitano ahaldun nagusiak dimisioa eman behar luke; ez balu hala egingo etorkizunean "garapenerako gobernu" bat antolatzeko aukera ez dutela baztertu azaldu du.
Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak agerraldia egin du eguerdian. PSE-EEko ordezkariek Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan jarrera oztopatzailea izan dutela salatu du. Arcadio Benitez eta Denis Itxaso ziren PSE-EEko bi ordezkariak partzuergoan; atzo utzi zuten erakundea, partzuergoak hartu dituen erabakiekin ezadostasuna agertuz.
Denis Itxaso partzuergoko presidenteorde izan zen aurreko agintaldian. Alduntzinen esanetan, erabakiak "presaka eta korrika" hartu zituen partzuergo hark, iazko maiatzeko hauteskundeen ostean sortu zen "gehiengo berria" baldintzatzeko.
Errauste planta egiteko Europako Inbertsio Bankuarekin partzuergoak sinatu zuen akordioa ekarri du gogora Alduntzinek, iazko otsailean sinatu zutela, hauteskundeak baino hiru hilabete lehenago: "Gipuzkoaren etorkizuna hipotekatzeko moduan blindatu zituzten kontratuak". Itxasori aurpegiratu dio inposizioan oinarritu zena aurreko partzuergoa izan zela.
Hondakinen kudeaketa plan berria garatzeko, bankuekin eta errauste planta eraiki behar zuten enpresekin lanean ari direla azaldu du Alduntzinek. "Lortuko dugu, nahiz eta batzuei kargua kendu".
EH Bildu: "Gipuzkoarako aldaketa geratzea du helburu"
Zentsura mozioa gaitzetsi du EH Bildu koalizioak ere: "Gipuzkoan martxan den aldaketa politikoa eta soziala geratzea du helburu. Ez dute aldaketarik nahi Gipuzkoarako; oso eroso sentitzen ziren aurreko ziklo politikoan, erakundeetan nahi zutena egiten zutelako".
Foru aldundiaren plan berria "arrazionala, iraunkorra eta merkeagoa" dela erantsi du. Horregatik, EH Bilduko kideek uste dute "interes politiko eta ekonomiko argi batzuk" defendatzen ari direla EAJ, PSE-EE eta PP.