Alduntzinen aurkako mozioa «inflexio puntua» dela ohartarazi du Egibarrek

EAJk bat egingo du PSErekin eta PPrekin: hondakinen auziagatik, Gipuzkoako Ingurumen diputatua botako dute

Joseba Egibar, GBBko burua, mozioaren berri ematen, atzo; atzean, Xabier Ezeizabarrena, Markel Olano eta Maria Eugenia Arrizabalaga. GARI GARAIALDE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Bota egingo dute kargutik Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatua. EAJk bat egingo du PSE-EErekin eta PPrekin, eta diputatua kentzeko aginduko diote Martin Garitano ahaldun nagusiari. Hondakinak kudeatzeko planak sortu du haustura: onartuta zegoena «egokitu» egin du aldundiak, eta, plan berria ez delakoan, ez du Batzar Nagusietara eraman; hori «inposizioa» da, EAJren arabera. Horregatik joko dute Alduntzinen aurka. Hala ere, atea zabalik utzi du Joseba Egibar EAJren GBBko buruak: «Horrela jarraituta, legealdia oso luze egingo zaio Garitano ahaldun nagusiari». Mozioa «inflexio puntua» da.

Goizean hasi zen mugimendua atzo. Hondakinei buruzko eztabaida zuten bigarren egunez Batzar Nagusietan, eta batasun irudia agertu zuten EAJk, PSEk eta PPk: lau mozio atera zituzten aurrera elkarrekin, eta, besteak beste, diputazioari eskatu zioten betetzeko aurreko legealdian onartutako plana; hori aldatzeko proposamenen bat baldin badauka Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dela ohartarazi zioten diputazioari. Bilduk eta Aralarrek aurka bozkatu zuten, baina aurrera atera ziren lau mozioak.

Koska hor dago: aldundiak mahai gainean jarritakoa beste plan bat ote den, edo onartuta dagoenaren egokitzapen bat. Diputazioak dio egungo kudeaketa proiektua moldatu soilik egin duela: zabor bilketa eta sailkatze datuak gaurkotu, eta horren araberako erantzuna proposatu duela; oposizioko alderdiak ezezkoan daude, uste dute onartutako plana erabat aldatu duela aldundiak,errauste planta baztertu duelako.

Oposizioak diputazioa behartu nahi izan du plana Batzar Nagusietara eraman eta han bozkatzera, baina hark ezezkoa eman du, aldaketa horiei buruz erabakitzea haiei ez dagokielakoan. Hori ikusita, PPk jo zuen lehen kolpea: Alduntzin diputatuaren aurka zentsura mozio bat aurkeztuko zuela iragarri zuen, eta berehala jaso zuen PSEren babesa. Ordea, EAJren babesa falta zuten; haren botorik ezean ez baitzuten zer eginik, gehiengo absolutua behar eta.

Goizeko mozioen ondoren hartu zuten erabakia jeltzaleek: PPri eta PSEri jakinarazi zien baietz, ados dagoela zentsura mozioarekin, eta elkar hartuko dutela Alduntzin kargutik botatzeko. Presazko agerraldia egin zuten arratsaldean hedabideen aurrean, alderdiaren Gipuzkoako ordezkari nagusiak han zirela: GBBko buru Joseba Egibar eta Maria Eugenia Arrizabalaga, eta Batzar Nagusietako ordezkari Markel Olano eta Xabier Ezeizabarrena.

«Hitza jatea eta iruzurra». Etenik gabe horiek hartu zituen ahotan Egibarrek, planeko aldaketak Batzar Nagusietan eztabaidatzea saihestu duelako diputazioak. Aurrekontuetarako ituna ekarri zuen gogora: EAJk eta Bilduk hitzarmena egin zuten, eta adostu zuten ekainera arte atzeratzea errauste plantari buruzko erabakia. «Hitza hartu genuen erabakitzeko gunea Batzar Nagusiak direla. Hori diote testuek». Muga bat zuen akordioak: zaborren kudeaketa hilaren 30erako adostea.

Epea betetzear dela, aldundiak ez du eraman plan berririk Batzar Nagusietara. «Garaia iritsi da, eta ez dute hitza bete: Batzar Nagusiak dira erabakitzeko gunea, aldaketak proposatzeko lekua. Horri muzin egin dio Bilduk. Ez dio Batzar Nagusien erabakiari men egin nahi, eta gune horretan ordezkatzen dira herrialdeko botoak», ohartarazi du Egibarrek. Diputazioak aurkeztutako aldaketak txartzat jo ditu, gainera: «Iruzurra da, eta ezer konpontzen ez duena. Egoera okertu egiten du».

Oporrak hartu baino lehen

Lehenbailehen joko du EAJk Alduntzinen aurka: bi aste baino lehen aurkeztuko dute eskaria Batzar Nagusietan, eta uztail hasieran egin nahi dute batzarra, oporren aurretik. Zalantzak izan dira diputatu bakarraren kontra egin ote litekeen; arauetan aukera hori badago, betiere batzarkideen erdiek baino gehiagok bat eginez gero; hiru alderdi horiek elkar hartuta badute aukera, horrenbestez.

Galderak daude orain mahai gainean. Garitano ahaldun nagusiak esana du: hondakinei buruz Alduntzinek proposatutakoa ez da haren «burutazioa», diputazio osoaren asmoa da. Hortaz, galdera Egibarri, lehen pausoa ote den Ingurumen diputatua kentzea, ondoren diputazio osoaren aurka joko ote duten. Garitanok esandakoaz beste, honakoa erantzun du: «Ardura batzuk pertsona jakin batzuenak dira, eta kasu honetan Ingurumen diputatuarenak. Hari dagokio oraingo gure ekimena».

Ez du ezer baztertu, ordea; aurreratu du zentsura mozioa aurrera ateratzeko ez ezik onartutako hondakinen plana egikaritzeko ere bat egingo dutela EAJk, PSEk eta PPk; ez du zehaztu nola. Oharrak bata bestearen atzetik egin dizkio Bilduri Egibarrek, zaborren auziaz harago: «Gure mozioa inposizioen eta Bildu ekimen ia guztietan izaten ari den jarreraren kontrakoa da»; «hautsita dago konfiantza»; «ikusiko dugu zer gertatzen den mankomunitateetan»; «inflexio puntua da mozioa».

Udaletan ez dute oraingoz moziorik jarriko. Ez direla «makurtuko» iragarri du Egibarrek, eta «herritarren nahia» betearaziko dutela; gipuzkoarrak atez atekoaren kontra daudela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.