Euskal gatazka politikoa

Alegriaren adierazpenak "torturapean" egindakoak direla esan du Otegik, eta polizi operazioak iragarri ditu

Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegik adierazi duenez, Xabier Alegria ezker abertzaleko buruzagiak Jon Salaberria eta Joseba Permach ustezko ETAko zuzendaritzako kideak direla zioten adierazpenak "tortura nabarmenen pean" egindakoak dira. Halaber, Alegriaren adierazpen horien ondotik, ezker abertzalearen aurkako polizi operazio etorriko direla iragarri du. Tele 5 telebista kateko filtrazioari erantzunez eskaini du prentsaurrekoa Otegik.

2003ko irailaren 24a
15:59
Entzun
Otegiren esanetan, "ez da harritzekoa" filtrazio horiek Ibarretxe Planaren eztabaidaren bezperan argitara ematea. "Agian norbait urduri jarri da eta ezker abertzalearen erabakia eragotzi nahi du gerra zikina erabiliz".

Arnaldo Otegik Joseba Permach, Jon Salaberria, Jose Mari Olarra eta Rafa Diez Usabiagarekin batera agertu da gaur Donostian prentsaurrean. Zenbait hedabideren arabera, Xabier Alegriak –'Euskaldunon Egunkaria'-ren aurkako operazioan atxilotua – "ETAren zuzendaritza politikoaren buruzagitzan Batasuneko bozeramaile Joseba Permach eta SAko parlamentario Jon Salaberria" daudela esan zuen.

Adierazpen horiek 'Euskaldunon Egunkaria'-ren aurkako operazioan egin zirela gogoratu du Otegik, eta Martxelo Otamendiren eta Juan Mari Torrealdairen tortura salaketak nabarmendu ditu. "Alegriaren adierazpen horiek existitzen badira, argi dago torturapean egindakoak direla".

"Gerra zikinaren aldeko apustua"

"Estatu espainiarrak gerra zikinaren aldeko apustua egin du", azpimarratu du Otegik, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzonen nahiei erantzuten diela esan, Garzonen tesien arabera "ETA eta ezker abertzalea erakunde bera baitira".

"Zergatik egin dute filtrazio hori orain, eta zertarako?", galdetu du Otegik, eta Euskal Herriari buruzko eztabaida bat eman bezperan etorri dela gogoratu. "Mundu guztiak daki ezker abertzalea ez dela Ibarretxe Planean islatzen, baina koiuntura honek posizio eraikitzaile eta baikor bat izango du gatazka gainditze aldera", azpimarratu du.

Polizi operazio berri baten atarian

Otegiren iritziz, ezker abertzalearen aurkako polizi operazio berriak prestatzen ari dira, eta berri hori eman duten hedabideei "adierazpen polizialen apologia" egiten ari direla gogorarazi die. "Ez dakit ni atxilotuko nauten, baina badakit gogo handiz atxilotuko nindutela ni eta mahaiko nire kideak", adierazi du. Hala ere, ez dagoela arduratuta esan du, lehendik ere "kartzelan egona eta torturak jasana bainaiz".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.