Lau anai-arrebetan hirugarrena da Alejandro. Berak bakarrik ditu malformazioak. "Beti galdetu izan diot neure buruari zergatik tokatu ote zitzaidan niri?". Genetikoa zela uste izan zuen urte askoan, mediku batek talidomida aipatu zion arte.
Traumatologoari esker jakin zenuen orduan?
Bai. Ni hiru hatzekin eta hanka okerrarekin jaio nintzen. Ondorioz, bi urte nituela ebakuntza egin behar izan zidaten oina ondo jartzeko. Orduan ere ez nuen zorte onik izan, zauria ez zidatelako ongi garbitu eta oina infektatu egin zitzaidalako. Moztekotan egon ziren, baina, azkenean, ondo atera zen. Horregatik, hainbatean behin traumatologora joan behar izaten nuen, eta aldi haietako batean hitz egin zidan Talidomidaz. Niri, berriz, hitz hark ez zidan ezer esaten. Dena den, hor geratu zen kontua, urte batzuk geroago gogoratu eta hari buruzko informazioa bilatzen hasi nintzen arte.
Eta gero, elkartean sartu zinen.
Bai. Haiekin harremanetan jarri nintzen, eta hainbat dokumentu bidali nizkien. Baina hor ere arazoak. Donostia ospitalean nire historia medikoa galdu egin zelako. Zenbait txosten agertu ziren, baina informazio gehiena desagertua zegoen.
Gurasoek ez zuten inoiz ezer susmatu?
Ni elkartera sartu eta gero, inoiz hitz egin genuen hortaz, eta amak kontatzen zuen bera haurdun zegoela Donostian bizi zen izeba bat etorri zela etxera. Hura neskame egoten zen, eta erizain asko ezagutzen zituen. Hala, etxera etorri eta ama, medikuaren aholkuz, pilula batzuk hartzen ari zela ikusi zuenean esan omen zion: "Baina zer ari zara hartzen? Horrek haurrari kaltea egin diezaioke". Amak, orduan, bi aldiz pentsatu gabe, sutara bota zituen. Baina kaltea egina zegoen.
Geroztik, odol analisiak ere egin izan ditut, malformazioa genetikoa ote zen jakiteko. Baina medikuek ezetz esan didate.
Zu elkartean egon bazaude, baina Madrilek ez zaitu ofizialki onartu kaltetu gisara.
Ez, ez Madrilek, eta ez Berlinek. Biek diote nire malformazioak ez dutela talidomidarekin zerikusirik. Orain, ordea, hirugarren bide bat probatzen ari gara. Aviteren gertuko mediku bat ari zaigu kide guztiei probak egiten, jakiteko ia botika harekin zerikusirik ba ote duten. Emaitzen zain nago.
Itxaropenik baduzue epaiketan?
Egia da epaiketa honetan ezer lortzen bada —kalte-ordainez ari naiz— 23 biktima ofizialentzat izango dela, baina horrek ez du esan nahi haiek bakarrik utzi behar ditugula. Guk ere biktima gisa onar gaitzaten borrokatu behar dugu. Presioa denok egin behar dugu.
Epaiketa irabazi eta nire malformazioak talidomidarenak direla onartuko balute, ate asko irekiko litzaizkidake. Pentsa lehenago erretiratzeko aukera izango nuke. Izan ere, denbora aurrera joan ahala eskuetako mina handituz doakit, azken finean, hiru hatzekin hamarren lana egin behar dut, eta hori nabaritu egiten da luzera.
Baina ez dut uste botika enpresak nola hala amore emango duenik, diru asko eskatzen bitiogu, eta horiek ez dira akatsak onartzen dituztenetakoak. Segur aski, auzia asko luzatuko da.