Durangoko bonbardaketa gogorarazi dute orain dela egun batzuk, eta, laster, apirilaren 26an, 70 beteko dira Kondor Legioak Gernikari eraso zionetik. Euskal Herriaren eta 36ko gerraren historiaren parte dira gertakariok, baina badira, era berean, II. Mundu Gerraren eta Alemaniako historiaren atal garrantzitsuak. Bere herriko soldaduek 36ko gerran Euskal Herrian egin zutenaren berri izateko etorri dira, hain zuzen ere, Naturfreundejugend elkarteko 18 kide. Gazteak dira guztiak, 20 eta 36 urte bitartekoak, eta joera politiko desberdinetakoak izanda ere, badute elkartzen dituen ezaugarririk, eta horrek bultzatu ditu bidaia elkarrekin egitera: «Alemanian urteotan berriz pizten ari den faxismoaren kontra borrokatzen gara guztiok».
Autoan egin dituzte sorterritik Euskal Herrira dauden ehunka kilometroak eta, tartean, 36ko gerrako Kataluniako leku adierazgarriak ere bisitatu dituzte. Astelehenean heldu ziren Gernikara, eta, han, bonbardaketaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan zuten, Edorta Jimenez idazlearen eskutik. Leku historikoen eta biktimak oroitzeko egindakoaren berri izan zuten, halaber, bisitariek: «Alemanian ez dago hemengo gerrari buruzko ezagutza handirik, baina guretzat oso garrantzitsua da Gernikan gertatutakoa ikastea eta, bueltan, jendeari zabaltzea».
XX. mendeko gerrak gogoratzea gaur egun Alemanian indarberritzen hasi den faxismoaren kontra egiteko baliagarria dela uste dute gazteek: «Larria da, izan ere, herrialde batzuetan erakundeetara heldu dira. Gobernuak, gainera, ez du benetako ahaleginik egiten faxismoa desagerrarazteko, munduaren aurrean itxura emateko ez bada». Duela hamar urte Gernikako herriari barkamena eskatzeko egindako ekitaldiak ere, «kosturik gabeko antzezpenak» zirela esan zuten, «mundu gerran lantegietan esklabutzan aritu zirenei kalte ordainak emateko ez dira hain eskuzabalak izan».
Donostian ere izan ziren Alemaniako gazteak, Aranzadi elkartearen lanak bertatik bertara ezagutzeko. «Ez genuen uste indusketek gizartean hainbesteko garrantzirik izan zezaketenik, oso lan interesgarria egiten dute».
KARTZELA EZEZAGUNA. Gerra eta Frankismo garaian Mutrikuko emakume kartzela izandakoa bisitatu zuten atzo, Saturrarango hondartzan. Leku interesgarria iruditu zitzaien: «Ikaragarria da jakitea garai batean inork ez zekiela hemen egiten zutena». Bertan abiatu dituzten ikerketak jarraitzeko asmoa ere agertu zuten, izan ere, Alemaniako brigadistarik bertan izan ote zen jakin nahi dute.
Hurrengo egunetan Euskal Herriko elkarte eta talde desberdinekin bildurako dira Alemaniako gazteak eta, besteak beste, asteburuan Araban ospatuko duten Gazte Martxan izango direla iragarri zuten. Azkenik, euskal mugimendu askok pairatzen duten jazarpena haiek ere, «neurri apalagoan», nozitzen dutela esan zuten.
Alemaniatik Gernikara, gerra gogoan
Hitlerren erasoek eta 1936ko gerrak Euskal Herrian utzi zuten aztarnak ezagutzera etorri da Euskal Herrira Alemaniako gazte talde bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu