Alerta gorri eman dute gaur gauerdirako Euskal Herriko kostaldean. Meteorologia zerbitzuek zazpi metro arterainoko olatuak eta orduko 120 kilometroko haize indartsuak iragarri ditu, eta neurriak hartzen hasi dira erakunde publikoak. Gaur okerrera egingo du egoerak, eta okerrena gaur gauerdian espero da.
Haize ufada indartsuak espero dira, eta itsasoan nabarituko dira gehien. Zazpi metroko garaierako olatuak sortuko direla espero da. Iluntzerako denboralea okertzea espero da, eta alertaren maila laranjatik gorrira igoko duela iragarri du Jaurlaritzak. Marearekin uholde arriskua ere badela ohartarazi dute.
Itsasertzeko zenbait udalek ere neurriak hartu dituzte. Donostiako Pasealeku Berria itxi eta aparkaleku batzuk hustu ditu Donostiako Udalak, eta surflariei datozen orduetan itsasora ez ateratzeko gomendatu die. Biharko ere, orduko 120 kilometro orduko haize ufadak eta itsaso oso zakarra espero dira.
Arratsaldeko bostetan Zarautz eta Getaria arteko errepidea itxi egin dute.
Igandean, hildako bat
Denboralearen lehen kolpea igandean etorri zen eta Donibane Lohitzunen gizon bat hil zen olatuek eramanda. Donostian bereak egin zituzten olatuek Paseo Berrian zeuden zenbait autoekin. Atzo ere nabaritzen hasi ziren denboralearen lehen ajeak. Bilboko portuak bertan behera utzi zuen eremu industrialeko jarduera. Atzoz geroztik, ontzi handiei sarrera debekatu diete, eta hiru petroliontzi portutik kanpora gelditu dira, denboralea noiz pasatuko.
Loiuko aireportuan ere (Bizkaia), lurreratzeko arazoekin ibili ziren atzo hegazkin pilotuak, haize bolada indartsuen eraginez. Itsasoan ere nabaritzen hasi zen olatuen indarra.