Alerta laranja eman dute berriro ere Hego Euskal Herrian, beroaldiagatik. Euskalmet agentzia meteorologikoak jakinarazi duenez, 37 gradura iritsiko dira gaur termometroak barnealdean. Kostaldean brisa sartuko da, eta, beraz, freskoagoak izango dira tenperaturak; 33 gradu markatuko dituzte termometroek, gehien jota. Zerua oskarbi izango da goiz-goizetik, eta haizeak hego-ekialdetik joko du.
Astebururako aldaketa gutxi espero dira; larunbatean beroak gogor joko du, eta igandean tenperatura zertxobait jaitsiko da, baina maximoa ez da 30 gradutik aldenduko.
Larunbatean bero handia egingo du. Balio maximoa 35 eta 40 graduren artean izango da eremu geografikoko hainbat puntutan. Arratsaldean bero hodeiak garatuko dira barnealdeko mendi inguruetan. Igandean tenperatura maximoa jaitsi egingo da, kostaldean batez ere. Bertan, 30 gradu inguruko maximoa espero da. Barnealdean, berriz, 34 eta 36 graduren artean ibiliko dira.