Eguraldiak okerrera egingo du gaur Hego Euskal Herrian, batez ere eguerdi partetik aurrera, eta alerta laranja eman dute Gipuzkoarako. Euskalmeten arabera, atmosfera ezegonkortzen hasiko da eta zaparrada ugari botako du. Zenbait tokitan zaparrada horiek biziak izango dira, gainera. Atzoko egunaren bigarren erdiak euri dezente utzi zuen, eta gaur kontuz ibiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Errepidea behar-beharrezko kasuetan soilik erabiltzeko gomendatu du. Baita mendiko irteerarik edo aire librekorik ez egiteko ere.
Euri gehien Kantauri isurialdean espero da. Metro koadroko 80 litro botako du, gutxi gorabehera. Prezipitazioen intentsitatea bizia izan daiteke kasu batzuetan; ordubetean metro koadroko hamabost litro bota dezake. Bihar ez du hobera egingo eguraldiak, eta euri ugari botako du. Etzi, berriz, Bizkaian egingo du euri gehien, baina arratsaldetik aurrera ekaitza baretuz joango da.
Iazko azaro hasieran uholdeek kalte ugari eragin zituzten Gipuzkoako herri askotan, eta hainbat udalek neurriak hartu dituzte jadanik berriz halakorik ez gertatzeko.
Alerta laranja eman dute gaurko Gipuzkoarako, etengabeko euriteagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu