eguraldia

Alerta laranja ezarri dute biharko, elurragatik

Errepide sare nagusia zabalik dago; dena den, bigarren mailako hainbat mendatetan arazoak daude. Bihar hotz handiagoa egingo duela iragarri du Euskalmetek.

2012ko otsailaren 7a
16:16
Entzun

Tenperaturak eta elur mailak behera egin dute berriro ere Euskal Herrian. Elurra ari du Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, eta zenbait eragozpen sortzen ari da errepideetan. Errepide sare nagusia zabalik dago, baina arazoak daude bigarren mailako hainbat mendatetan. Herrerako mendatea (Araba) itxita dago, eta Opakuan eta Zaldiaranen kateak behar dituzte autoek. 

Nafarroako Gobernuak arretaz gidatzea gomendatu du, elurra eta haize zakarra dela eta. Pirinioen inguruan ohiko mendateak itxita daude, eta arazoak daude Aralarren.

Gasteizen eta Iruñean kaleak zuri geratu dira goizean, baina dagoeneko garbitu dituzte. Euskalmetek iragarri duenez, goizean egingo du prezipitazio gehien, eta arratsaldean hotza izango da nagusi.

Gaurko tenperatura minimoak: Kapilduin (-5,1 gradu), Zaldiaranen eta Iturrietan (-3,9 gradu), eta Roitegin (-3,8 gradu). 13:00etan 5 gradu zeuden Bilbon, 3 gradu Donostian, 2 gradu Baionan eta Gasteizen eta gradu bat iruñean.

Biharko, berriz, alerta laranja ezarri du Herrizaingo Sailak, elurragatik. 200 metro inguruan ezarri dute elur maila, baina itsas mailan ere elurra egin dezakeela ohartarazi dute. Euskalmetek ere gaur baino hotz handiagoa iragarri du. Ipar/ipar-ekialdeko haizea ibiliko da eta izotza egingo du ia lurralde osoan. Biharko iragarritako tenperaturak (Iturriak: Euskalmet eta Meteofrance):

Bilbo 0/4 gradu
Donostia -2/3 gradu
Gasteiz -5/1 gradu
Iruñea -7/-2
Baiona -6/-2
Donibane Garazi -8/-3
Maule -10/-2

 


 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.