Beroaldiak apenas eman duen atsedenik Hegoaldean azken orduetan. Tenperaturek goia jo zuten atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; Iruñean eta Gasteizen, esaterako, 39 gradu ere izan ziren. 34 gradu izan zituzten, berriz, Donostian eta Bilbon. Aemet Espainiako meteorologia agentziak iragarri duenez, termometroek gutxi egingo dute behera gaur Nafarroan, eta 40 graduak ez dituzte urruti izango hainbat lekutan. Kostaldean, berriz, nabarmenago jaitsiko dira tenperaturak, Euskalmeten arabera. Lau herrialdeetan, atzo emandako alerta laranjari eutsi diote gaurko.
Gutxieneko tenperaturak mantendu egingo dira gaur, baina beroaldia baretu egingo da leku ugaritan. Gasteizen, 36 gradu izango dituzte gehienez gaur, atzo baino hiru gutxiago. Iruñean eta Tuteran, 39 graduren bueltan egongo dira gaur ere. Atzo eta gaur bezala, litekeena da bihar ere alerta laranjari eustea; Aemetek eta Euskalmetek iragarri dutenez, astelehenak aldaketa gutxi ekarriko du eguraldian. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bero sapa ez da Hegoaldean bezainbestekoa izaten ari. 30 gradu inguru izan zituzten atzo, eta antzera jarraituko dute gaur ere. Alerta horia emana du Frantziako meteorologia agentziak.
Adinekoengan eta umeengan arreta berezia jartzeko eskatu du Nafarroako Gurutze Gorriak, eta oroitarazi du beroak eragin okerraizan dezakeela osasunean. Erakunde horren arabera, 18.000 adineko bakarrik bizi dira Nafarroan, eta udan hirukoiztu egiten da kopuru hori. Besteak beste, ura edateko, soineko arinak eramateko, itzaletik ibiltzeko eta bero gehien egiten duen orduetan kalera ez irteteko eskatu du Gurutze Gorriak.
Larrialdi planak suteen aurka
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek martxan jarri dituzte suteak saihesteko larrialdi planak. Suteak gertatzeko arriskua «muturrekoa» dela adierazi du Jaurlaritzak, beroaldia eta euri falta direla eta.
Hainbat aholku eman ditu Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, suterik pitz ez dadin. Mendietan lanik ez egiteko eta inolako surik ez pizteko eskatu du. Horrez gain, ahal den neurrian mendira ez joateko eta joatekotan baimenduetako bideetatik ez irteteko aholkua eman du.Ibilgailua belar lehorretatik gertu ez uztea eta zigarretarik ez erretzea ere galdegin du. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak debekatu egin du barbakoak egitea, eta mugatu egin du suzirien erabilera. Arabako diputazioak, berriz, landa lanak egiteko makinak erabiltzea debekatu du. Azken egunotan, hiru sute piztu dira: ostegunean, Soraurenen (Nafarroa), eta herenegun, Ulian (Pasaia, Gipuzkoa) eta Irurtzunen (Nafarroa).
Alerta laranjari eutsi diote Hegoaldean, beroaldiagatik
Apur bat behera egingo du tenperaturak gaur, baina, hala ere, 39 gradu iragarri ditu Aemet agentziak Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu