Igandean, hainbat preso matxinatu ziren Valenceko espetxean (Frantzia). Espetxezainei giltzak kendu zizkieten, eta kartzelako bi solairu kontrolatu zituzten. Egoera hartan, hainbat ziega ireki eta haiei su ematen hasi ziren. Erretako ziegen artean Aletxu Zobaran presoarena dago, eta AEMren arabera, bere ondasun guztiak erre dizkiote.
Zobaran bera, eta espetxe hartan daukaten Ibon Goieaskoetxea ez zeuden matxinadaren lekuan. Zigor ziegetan daude azken 51 egunetan, "senideen etxebizitzetatik urrundu izana eta estatu frantsesa preso politikoen artean areagotzen ari den sakabanaketa salatzeko". Kartzelazainek "jarrera probokatzailea" dutela salatu du AEMk, eta "legez kanpoko miaketak" egunero gertatzen direla. Matxinadaren ardura kartzela zuzendariarena dela dio AEMk, eta bi euskal presoen eskaerei erantzuna emateko eskatu diote zuzendaritza horri.
Bestalde, AEMk gogora ekarri du Huelvako (Espainia) presoak gose greban ari direla, txandaka, gaixo dauden presoak askatzeko eskatuz.