Euskal mapa politikoa eraldatze prozesuan dago. Subjektu politiko baten sorrera da prozesu horren ardatza. Subjektu hori, gaur-gaurkoz, indar ezberdinen arteko aliantza bat da, oraindik osatze prozesuan dagoena. Une honetan, aliantza horren irudia Amaiur koalizioa da: ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak osatutako hauteskunde koalizioa, joan den azaroaren hauteskundeetan oso emaitza onak eskuratu zituena. Aliantza horrek, aurrera begira, hiru erronka nagusi ditu: konponbide integralaren gurpila abian jartzea, Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetarako gobernu alternatiba bat eskaintzea eta aliantzaren izaera estrategikoa zehaztea.
Subjektu berria osatzeko prozesuak izaera dinamikoa du, eta indar metaketan oinarritzen da. Lehenagoko aurrekariak izan arren, ezker abertzalearen barneko gogoeta eta estrategia sakon egokitzearen ondorioz eratorritako jokaleku politiko berriak —borroka armaturik gabeko jokalekuak, alegia— ahalbidetu eta sustatu du aliantza berri bat osatzeko prozesu osoa.
Honako urrats sekuentzia hau osa daiteke aliantza berri hori garatzeko prozesuan: Zutik Euskal Herria adierazpena (2010eko otsaila), ezker abertzalearen eta EAren arteko Lortu Arte akordioa (2010eko ekaina), Gernikako Akordioa (2010eko iraila), ezker abertzalearen, EAren eta Alternatibaren Euskal Herria ezkerretik akordioa (2011ko urtarrila), Bildu koalizioa (2011ko apirila) eta Amaiur koalizioa (2011ko urria).
Joan den azaroaren 20ko hauteskundeen ondoren, Amaiur osatzen duten lau indarrek —ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek— berretsi egin dute aliantza.
Aurrera begira, aliantza horren lehen erronka gatazka konpontzearekin lotuta dago: gatazkaren ondorioei irtenbideak eman behar zaizkie lehenbailehen. Estatuek orain arte izan duten jarrera aldarazten asmatu behar du aliantzak. Espainian, PP iritsi da gobernura, eta, itxuraz, mugimendurik ez egiteko eta exijentziekin —ETA desegitea, armak entregatzea, barkamena eskatzea...— jarraitzeko estrategia hobetsi du. Aliantza berriaren eginkizun nagusietako bat —beste eragile batzuen esku hartzearekin batera— PPren gobernuari pausoak emanaraztea da, mobilizazio soziala, nazioarteko laguntza eta Amaiurren jarduna erabiliz.
Ajuria Enea helburu
Aliantza berriaren bigarren erronka Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei aurre egitea da. Amaiur koalizioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortutako emaitzek erakusten dute aliantza berria lehen indarra izateko EAJrekin lehiatzeko moduan dagoela. Espainiako Kongresurako lortutako boto kopuruak estrapolatuta, EAJk eta Amaiurrek legebiltzarkide kopuru bera lortuko lukete Eusko Legebiltzarrean —hogei aulki bakoitzak—. Dena den, EAJk 39.000 botoren aldea atera zion Amaiurri. Beraz, aliantza berriarentzat, hauteskundeak botoetan irabaztea izango da erronka nagusia.
Hauteskundeen ondoren, Amaiur osatu duten alderdiek argi utzi dute instituzio guztietan gobernatzeko asmoa dutela, baita Eusko Jaurlaritzan ere. «Posible da Amaiurreko lehendakari bat izatea», adierazi berri du Rafa Larreinak elkarrizketa batean. Erronka zaila izango da, EAJ buru-belarri ari delako prestatzen hurrengo hauteskundeak, Iñigo Urkullu EBBko burua bera lehendakarigai aurkezteko aukera mahai gainean dagoela. EAJ mapa politikoaren erdigunea hartzen saiatzen ari da, baina PPrekin duen adostasun ildoak desoreka ekar diezaioke, Amaiurren mesedetan.
Aliantza berriak Ajuria Enera iristeko erronkari heldu nahi badio, lehenbailehen hartu beharko du berriro ere batera aurkezteko erabakia, zeren eta denbora beharko du gobernu alternatiba bat dela erakusteko, eta gobernu programa sendoa eta gobernatzeko eredu berria dituela gizarteratzeko. Eta denbora ez du soberan, litekeena delako hauteskunde autonomikoak aurreratzea, esate baterako, 2012ko udazkenera.
Izaera estrategikoa
Amaiurrek irudikatzen duen aliantzaren hirugarren erronka bere izaera estrategikoa zehaztea da. Euskal gizartearen motor berria izan nahi badu eta independentziarako bidea egiteko buruzagitza bihurtu nahi badu, izaera estrategikoa izan beharko du aliantzak, hauteskundeetatik haratago. Ikuspegi horretatik, aliantzaren helburu estrategikoak finkatu beharko lituzke. Horien artean, independentziaren helburua lantzen hasi beharko luke, independentziaren bideragarritasuna azalduz, independentziaren eskubidea justifikatuz eta independentzia prozesu baten ibilbidea marraztuz. Hori guztia, gainera, lurraldetasunaren ikuspuntutik ere egokitu eta landu beharko luke.
Aliantzaren izaera estrategikoari buruzko eztabaidak, berriz, lotura du espazio horren barne egituraketarekin. Gogoeta eta eztabaida abian daude Ipar Euskal Herrian. Batetik, ezkerreko mugimendu abertzaleko pentsamolde guztietako hainbat militanteren ekimenez, biharko ezker abertzalea osatzeko asmoz inkesta bat banatu dute militanteen artean. Bestetik, Abertzaleen Batasunaren azken biltzarrak ezker abertzalea berriz batzeko gogoa adierazi du. Batasunaren biltzarrak, berriz, egitura egonkorrak osatzea hobetsi du. Horrez gain, Aralarren sektore batek begi onez ikusten du ezker abertzalea berriz osatzea. Hala ere, berregituraketa prozesu horiek erritmo geldokoak dira. Ez da espero epe laburrean fusio prozesurik.
Aliantza berria, hiru erronka
Amaiur koalizioa osatu duten lau alderdiek ontzat jo dute apustua. Aurrera begira, aliantza horrek hiru erronka nagusi ditu: konponbidea dinamizatzea, EAEko bozei aurre egitea eta izaera estrategikoa zehaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu