Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ezkerreko indar subiranistekin batera aurkezteko asmoa agertu du Aralarrek, eta alderdi horiekin negoziazioak abiatuko dituela jakinarazi du, aliantza horren oinarri izango den akordioa egiteko. Hala berretsi dute alderdiko kideek Gasteizen eginiko batzarrean. Bertan parte hartu duten gehien-gehienek (%93,8) baimena eman diote alderdiaren zuzendaritzari ezker abertzalearekin, EArekin, Alternatibarekin eta ABrekin elkarrizketak abiatzeko. Negoziazioen helburua bikoitza eta osagarria izango litzateke: batetik, indar politiko horiekin akordio estrategiko nazional bat egitea eta, bestetik akordio horretan oinarrituta hauteskunde eskaintza bat aurkeztea.
Testuinguru zehatz batean hartu du erabaki hori Aralarrek. Bilduren eta Amaiurren esperientzien ostean, epe ertain eta luzera begirako estrategia zehazten ari dira ezkerreko indar subiranistak. Aralarrek bezala, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak ere akordio estrategiko bat lantzen hasteko prestasuna adierazi dute. Ezker abertzaleak akordioak eginak ditu alderdi horiekin, bakoitzarekin bat. Lortu arte EArekin eta Euskal Herria ezkerretik Alternatibarekin. 2012. urteko ildo politikoa finkatzen duen txostenean, baina, ezker abertzaleak ezkerreko esparru subiranista zabaltzen jarraitzeko beharra nabarmendu du, eta indar horiek guztiak bilduko lituzkeen akordio estrategiko «berri» bat zehaztearen alde azaldu da. Printzipioz, datorren urteko udaberrian egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak baino lehen itxi nahi dute akordioa.
Aralarrek egindako hautuan bi faktorek izan dute eragina: ETAren jardun armatuaren amaierak eta udal eta foru hauteskundeetan izandako porrotak —Bildu koalizioan parte hartzeari uko egin zion eta hautetsi eta boto galera handia izan zuen—.
Hori hala, eta egoera politiko berrira egokitzeko, barne eztabaida bat zabaltzea erabaki zuen alderdiaren zuzendaritzak. Eztabaida horrek urrian eginiko batzarra izan zuen puntu gorena. Derion eginiko batzar hartan, azaroaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Amaiur koalizioaren barruan aurkeztea erabaki zuen Aralarrek, %71,75eko babesarekin.
Kopuru horrek agerian utzi zuen Aralarren barruan adostasuna ez zela erabatekoa, eta denborak aurrera egin ahala, ezadostasunak agerikoagoak egin dira.
Joan den asteburuan, adibidez, Iratzarri Aralarreko gazteen erakundeak iragarri zuen alderditik banandu zela. Egun batzuk geroago, baina, Iratzarriko talde batek esan zuen Aralarrekin lotuta jarraitzen zuela.
Eztabaida bizia
Iratzarriren inguruan sortutako nahasmenak jarraipena izan du aste honetan. Aizkorri deituriko talde batek iragarri zuen atzoko batzarrean ez zuela parte hartuko eta alderdia utzi zuela. Talde hori zeintzuek osatzen duten jakinarazi ez bada ere, hainbat komunikabidek zabaldu dute Aralarreko Gipuzkoako 50 bat kidek osatzen dutela. Patxi Zabaletaren zuzendaritzak hartutako erabakiekin oso kritiko azaldu dira, eta Aralarren proiektua «agortuta» dagoela adierazi dute.
Aizkorri taldekoak, Aralarretik bereizi diren Iratzarriko kideak bezala, Aralarreko beste kide batzuen jarreren alde azaldu dira; Aintzane Ezenarro legebiltzarkidearen jarreren alde, esaterako. Atzo Gasteizko Goiuri jauregian eginiko batzarrean ez zen izan Ezenarro. Aralarreko lau legebiltzarkideetatik bakarra egon zen: Dani Maeztu. Oxel Erostarbek eta Mikel Basabek ere ez zuten parte hartu bozketan.
Kazetarien aurrean, asteotako eztabaidak uxatzen saiatu da Zabaleta. Azaldu duenez, Aralarren ez dago «antolatutako sektore kritikorik», eta alderdiaren barruan dauden iritzi guztiek «errespetu osoa» merezi dute. «Eztabaida bizia izan da, eta iritzi truke handia izan dugu. Kontuan hartzen ditugun zenbait gai aipatu dizkigute, batzuk autokritikoak eta beste batzuk proposamenak, baina guztiak aintzat hartzen ditugu eta kontuan izango ditugu»,adierazidu Zabaletak.
Aralar barruko ezadostasunei neurriz kanpoko oihartzuna eman zaiela salatu du Aralarreko buruzagiak, eta ezker abertzale zabal bat eratzeari beldur dioten sektoreei leporatu die eztabaida sortzea.
Aliantza estrategiko bat zehazteko negoziazioetan hasiko da Aralar
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, elkarrizketak abiatuko ditu EArekin, ezker abertzalearekin eta AlternatibarekinZuzendaritzarekin kritiko diren kideek ez dute parte hartu batzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu