Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidente ohiak adierazi du Alkarbidek -EA utzi duten ildo kritikoa osatzekoa den alderdiak- 2011ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztea duela helburu. Aurtengo urrian edo azaroan alderdia osatuko dutela adierazi du eta orduan jakinaraziko dutela horren behin betiko izena. Galdosek azaldu du Alkarbideren asmoa EA utzi duten ordezkari guztiak berreskuratzea dela.
Gipuzkoako EAko sektore kritikoko hamabost lagunek ohar baten bidez jakinarazi zuten EA uzteko eta Alkarbide osatzeko erabakia, pasa den astean.
Horrez gain, Galdosek jakinarazi du herenegun Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren Europaren Alde koalizioari eman ziola bozka. "Asko pentsatu ostean koalizio horri bozka ematea erabaki dut, Ramon Tremosa oso politikari interesgarria delako eta aspalditik haren jarraitzailea naizelako". Europaren Alde koalizioa CiU, EAJ, Coalicion Canaria, Partido Andalucista, Bloc Nacionalista Valencia eta Unio Mallorquina y Unio Menorquinak osatu dute. 802.225 boto bildu dituzte eta bi europarlamentari lortu -Tremosa Europako CiUkoa eta Izaskun Bilbao EAJkoa-.
Nahiz eta EAJren Europaren Alde koalizioari bozka eman dion, Galdosek berretsi du Alkarbideko partaideek ez dutela EAJn sartzeko asmorik. "Ni ez nator EAJtik eta ez da nire asmoa EAJn sartzea".
politika
Alkarbide 2011ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztuko da
Europako Legebiltzarrerako bozetan EAJren koalizioari eman ziola bozka jakinarazi du Iñaki Galdos EAko Gipuzkoako presidente ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu