MEMORIA HISTORIKOA

Alkate frankisten koadro guztiei eutsiko die Bilboko Udalak

EAJ eta PSE-EEren botoekin egin du aurrera ekinbideak. Udaletxe atarian protesta egin dute memoria historikoaren aldeko taldeek.

Protesta egin dute udaletxe atarian. ARP
Berria.info
2014ko otsailaren 27a
07:14
Entzun

Etxe barruan gorde nahi zuen eztabaida jendaurrean jorratu du Bilboko udal gobernuak gaur: frankismo garaiko alkate izandakoen argazkiak udaletxetik kentzeko eskatuz Bilduk aurkeztutako mozioa bozkatuko dute udalbatzan. Iñaki Azkuna alkateak esana du ez dituela koadroak kendu nahi, “historia errespetatzearen” alde dagoelako, baina bere adierazpenek ezinegona sortu dute, oposizioan ez ezik, EAJren barnean ere. Botazio nominala egin dute gaur.

EAJren eta PSEren arteko zuzenketa batek egin du aurrera. Horren arabera, adostu dute udaletxean alkate guztien irudiei eustea, baina beste elementu batzuekin osatzea galeria, historia "testuinguratzeko". Ez dute zehaztu zein elementurekin osatuko luketen galeria. EH Bildu eta PP, berriz, kontra azaldu dira.

Joan den astean, Andoni Aldekoa Alkatetzako kabinete buruak udaleko alderdi politikoei proposatu zien “alkateei buruzko galeria interpretatiboa” sortzea, eta auzia apiriletik aurrera eztabaidatzen hastea. Adostasunik ez zuten lortu: argazkiak “berehala” erretiratzeko baldintza jarri zuen Bilduk —mozioa erretiratzeko prest ere agertu zen, trukean—, eta udal gobernuak ez zion onartu.

Koalizioak gogora ekarri zuen Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak gomendioak bidali dizkietela udalei, frankismoko ikurrekin nola jardun ezartzeko. Orduko alkateen argazkiei dagokienez, koadroak erretiratzeko eskatu diete irizpide orokor gisa, baina erakusgai uztea erabakitzekotan, azalpen plaka bat ipintzea gomendatu dute, alkateok “kargu publiko bat zilegitasunik gabe” bete zutela ohartarazteko.

Osoko bilkuran auziaz eztabaidatu bitartean, udaletxearen kanpoko aldean elkarretaratzea egin dute memoria historikoaren aldeko taldeek, 10:00etatik aurrera, udalak sinbologia frankista ken dezala eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.