Ino Galparsoro Arrasateko (Gipuzkoa) EAE-ANVko alkatea aske uzteko eskatu dute EAJk eta Aralarrek, haren espetxeratzea bultzada politikoaren eraginez gertatu dela iritzita.
EAJren kasuan, Arrasateko Udal taldea da Galparsoro kartzelan sartzearen kontra mintzatu dena.Hain zuzen ere, alkatea asmo politikoen ondorioz espetxeratu dutela uste du, eta Espainiako Barne Ministerioak eta Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak koordinatuta jokatu dutela. "Alderdien Legeak eragin dituen burugabekerien katean beste bat gehiago da", azpimarratu du Arrasateko EAJk.
Aralarrek gogor salatu du Galparsororen atxiloketa eta espetxeratzea, eta aske uzteko exijitu du. Aralarren iduriko ETAk Isaias Carrasco hil ondoren mendeku gosez jokatzen ari da Espainiako Gobernua, eta "sorgin ehiza" abiatu du. "Mendeku gosea nabari zaio Garzonen erabakiari, Espainiako Gobernuaren babesarekin hartutako neurria. Guztiz antidemokratikoa da Aralarrentzatherritarrek aukeratutako kargu politiko baten kontra modu horretan egitea, eta bereziki herriko alkatea dela aintzat hartuta, deliturik gabe eta inolako probarik gabe deklaratzera deitzea, eta ordu batzuren buruan bere atxilotzea agintzea", agertu du.
EBko koordinatzaile nagusi Javier Madrazok, berriz, azalpenak eskatu dizkio Espainiako Justiziari; azaltzeko "zer gertatu den orain urtebete legalak zirenak eta galbahe guztiak" igaro zituztenak orain "ETAren laguntzailetzat" hartzeko. Azalpen horiek eskatu arren, Isaias Carrascoren hilketa salatu ez zuenez, Galparsorok ez duela Arrasateko alkate izateko zilegitasunik nabarmendu du EBko buruzagiak.
Ino Galparsoro Arrasateko alkatea deklaratzera deitu zuen atzo Garzon epaileak, ANVren jarduera eteteko agindua urratzea egotzita. Auzi saioan Galparsoro baldintzagabe espetxeratzeko eskatu zuen fiskalak, eta "ETAri laguntzea"leporatu zion. Fiskalarekin bat eginez, espetxeratzea agindu zuen Garzonek. Madrilgo Soto del Realen espetxeratu zuten atzo gauean bertan Arrasateko alkatea.
Politika
Alkatea "bultzada politikoz" espetxeratu dutela salatu eta libre uzteko eskatu du Arrasateko EAJk
Ino Galparsoro "berehala askatzeko" exijitu du Aralarrek ere, eta "sorgin ehiza" salatu du. EBk azalpenak eskatu dizkio Espainiako Justiziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu