Herrietan zabaltzen jarraitzen du BERRIA Taldearen Zure ziztada behar dugu kanpainak, eta herrietako alkateak hasi dira eredu ematen: Goierriko hamar herritako hautetsiak bildu ziren atzo Beasainen, Gipuzkoan, kanpainari babesa emateko. Herritarrei dei egin diete ziztadak ematera, proiektua «ezinbestekoa» dela iritzita.
Goierriko honako herri hauetako agintariak batu ziren atzo Beasaingo Igartza jauregian: Ataun, Beasain, Gaintza, Lazkao, Legazpi, Mutiloa, Ordizia, Ormaiztegi, Segura eta Urretxu. Agerraldira ezin izan zuten joan beste herri batzuetako hautetsiek. BERRIA Taldearen izenean, alkateekin izan zen Martxelo Otamendi, BERRIA egunkariko zuzendaria.
Hautetsien izenean, Ordiziako alkate Igor Egurenek adierazi zuen BERRIAren gisako proiektuak ezinbesteko dituela Euskal Herriak: «Horrelako proiektuak mantentzea eta horiei eustea nahitaezkoa dugu». Hartara, herritarrei dei egin diete, atxikimendua azaldu eta diru ekarpenak egin ditzaten BERRIAri eusteko. «Euskara hutsezko Euskal Herriko egunkari bakarrak merezi du hori eta gehiago. Gure ekarpena txikia da, baina funtsezkoa». Norbanako gisa bat egin dute kanpainarekin Goierriko hautetsiek.
Komunitatearen beharra
Agertutako babesa eskertu zien Martxelo Otamendik. Krisia gogor ari da eragiten hedabideetan, eta BERRIA Taldea harrapatu du: «Komunikabideen krisia eta ekonomiarena batu dira. Etorkizuna bermatzeko, beharrezkoa da komunitate bat sortzea». Hedabideak beste era batera kontsumitzen ditu jendeak, gero eta gehiago Interneten bidez, eta hor ez dago diru sarrerarik: «Sarean ez dugu oraingoz negozio modurik aurkitu». Horregatik behar dira BERRIAlagunak. «Ez da soilik dirua ematea. Kide izatea da».
Egoera zaila izanda ere, Goierrin euskarazko prentsa zabaltzen ahalegina egiten ari da BERRIA Taldea, eskualdeko hainbat eragilerekin batera. Goierriko Hitza-k ibilbidea badu egina, eta oraintsu argitaratzen hasi dira Goiberri aldizkaria ere. Otamendiren esanetan, «funtsezkoa» da Goierri inguruko hedabide horiek eta BERRIA egunkari nazionalak aurrera jarraitzea.
Goierritarrek ezagutzen dituzte euskarazko hedabideak, eta horiei dei egin diete hautetsiek. Eguren: «Euskarazko hedabideak larri daude. Lehen, doi-doi iristen ziren hilabete bukaerara, eta, orain, ezinean dabiltza». Ziztadak beharko dituzte aurrera egiteko, eta horien bila hasita daude herrietan. Jadanik 1.645 pertsonak eman dute atxikimendua. Gehiago dira xede, hala ere: 5.000 lagun.
Goierriko hautetsien agerraldiari buruzko informazioa ikusgai:
www.berria.info
Zure ziztada behar dugu
Alkateak, eredu ematen
BERRIAlagun egiteko eskatu dute Goierriko hamar herritako udal hautetsiek, nahitaezko jotzen baitute proiektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu