1977ko urtarrilaren 16an Etxarri Aranatzen Euskal Herriko hainbat alkate eta hautetsik egindako ekitaldi nazionala entzutetsua izan zen —Espainiako Gobernuak debekatu arren, lortu zuten ekitaldia egitea—, eta orduko irudiak ikus daitezke albiste honetako bideoan. Hilabete batzuk lehenago sortu zuten alkateen mugimendua —1976ko uztailaren 21ean, Bergaran—, eta, orduan bezala, Etxarri Aranazko ekitaldian ere amnistia, euskararen ofizialtasuna eta Hego Euskal Herriko Estatutua aldarrikatu zituzten.
35 urte pasatu dira harrezkero, eta Etxarri Aranazko Udalak hura gogoratzeko ekitaldia antolatu du igande honetarako (12:00). "Orduko aldarrikapenek indarrean jarraitzen dute, sekula baino gehiago, gaur egun Euskal Herria garai berri baten aurrean baitago", esan du Udalak.
Bideoa ETBk 1997an emandako dokumental bateko zatiek osatzen dute.