Uztailaren 1etik aurrera alkoholmetroa eraman beharko dute Ipar Euskal Herriko ibilgailu guztiek, baita bertatik igarotzen direnek ere. Frantziako Gobernuak onartutako dekretuaren arabera, derrigorrezkoa izango da «egoera onean eta homologatuta» dagoen alkoholmetro bat eramatea autoan. Neurgailuak iraungi gabe egon beharko du. Atzo argitaratu zen erabakia Frantziako aldizkari ofizialean, eta gidariek lau hilabeteko epea izango dute tresna autoan izateko.
Agentziek adierazi dutenez, Frantziako bide segurtasuneko bozeramaile batek jakinarazi du «Frantziako lurraldean dauden atzerriko autoei ere» eragingo diela neurriak. Hortaz, Hego Euskal Herriko gidariek ere alkoholmetro bat eraman beharko dute autoan Iparraldera joateko asmorik badute. Ez daramatenei 11 euroko isuna ezarriko diete. Soilik 50 zentimetro kuboko motorrek ez dute neurri hori bete beharko. Egun, euro bat eta bi euro artean daude salgai neurgailuak.
Heriotza tasa jaisteko asmoz
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak iazko azaroan ezagutarazi zuen neurri hori hartzeko asmoa, alkoholaren eraginez Frantzian auto istripuz hiltzen direnen tasa gutxitzeko asmoz. Gobernuaren arabera, errepidean hiltzen direnen artean hirutik bat alkoholaren eraginpean egoten da. Hain zuzen, 2011ko azarotik derrigorrezkoa da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako dantzalekuetan alkoholmetro bat edukitzea. Halaber, 2010eko urtarriletik aurrera egindako autobusek derrigorrez izan behar dute sistema bat gidariek baimendutakoa baino alkohol tasa handiagoa izanez gero autobusa abian ez jartzeko.
Bide segurtasuneko bozeramaile berak ukatu egin du neurriaren asmoa dirua biltzea dela, eta gaineratu du bidaiariei «autokontrolerako gonbita» egiteko neurria dela. Atzokoa ez da gobernuak hartzen duen tankera horretako erabaki bakarra. Izan ere, urte berriarekin, errepidean hainbat hutsegite egiteagatik ezarritako isunen zenbatekoa igo zuen. 135 euro ordaindu behar dituzte ibilgailuan txalekoa edo triangelua ez daramatenek, eta diru kopuru hori bera, gidatzerakoan sakelako telefonoa darabiltenek.
Alkoholmetroa beharko dute autoek Iparraldean
Frantziako Gobernuak zehaztu du «lurraldean dauden atzerriko autoei ere» eragingo diela neurriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu