Urtza Alkorta babestu eta haren atxiloketa saihesteko gaur herri harresia osatzeko deia egin dute. Donostiako adibidea jarraituko dute gaur egingo duten herri harresian. "Donostian 800 pertsona bildu ginen zortzi pertsona babestu eta “kostako zaizue” esatera. Eta Ondarroan 2.000 biltzen bagara? Eta bide honetan jarraitu eta hurrengoan 5.000 bagara? Zer egingo dute orduan? Ezingo dutela inor eraman! Beraiek badakite. Kontura gaitezen gu ere", dago idatzita Aske Gunearen webgunean.
19:00 Bigarren bat ondo ateratzen bada "tendentzia" Aske Gunea egitea izango dela nabarmendu dute Donostiako Aske Gunearen antolatzaileek. Irabaztera joan behar dutela esan dute. Eta haien esperientzia kontatu dute.
18:45 Gaurko eta biharko egitaraua prest dute.
Gaurko eta biharko egitaraua prest! #herriharresia#denokondarruratwitter.com/AskeGunea/stat…
— AskeGunea (@AskeGunea) May 10, 2013
18:40 Egoera lasai dago Aske Gunean. Donostiako esperientziaz ari dira hizketan, han egon zirenak. "Aldaketa baten beharra ikusi genuen, gune batetan jendeak babesturik egotea pentsatu genuen" , adierazi dute.
18:30 EH Bilduko Unai Urruzunok eta Ondarroako alkate Argia Ituartek adierazpenak egin dituzte.
Unai Urruzuno (EH Bildu): "Guk gaurko herri harresiarekin bat egiten dugu ikusten dugulako Euskal Herrian ziklo bat zabaldu dela non herritarrek konponbidea eskatzen duten eta gatazka politikoaren behin betiko gainditzea. Urteetan ezagutu dugun testuingurua behin betiko bihurtzea nahi dugu eta dinamika hori apurtu egin behar dugu. Gaurko moduko ekimenak jendea erakartzea dute helburu eta hori da eskatzen duguna, jendearen konpromisoa".
Argia Ituarte (Ondarroako alkatea): "Edozein herritar horrelako egoera baten aurrean dagoen heinean, alkate moduan babesteko prest nago. Gaurko testuinguruan, kartzelak hustutzeko momentuan, ez dago inolako arrazoirik Urtza Alkorta kartzelara bidaltzeko. Ekimen hau erabat babesten dugu".
18:15 Urtza Alkortak eskerrak eman dizkie herritarrei Twitter sare sozialaren bitartez.
Eskerrik asko danoi.Alamedan zutik #herriharresia . Konponbide garai da!
— Urtza Alkorta (@Sagastaneku) May 10, 2013
17:45 Parte hartzera dei egin dute. Edozein ekitaldi egin nahi bada — antzerkia, musika emanaldia, hitzaldia...— animatzeko eta parte hartzeko eskatu dute.
17:30 Giroa oso lasai dago. 150 lagun inguru daude plazan, eta eguneko egitarauarekin jarraituko dute. Mahai inguruak, musikariak eta hitzaldiak izango dituzte. Besteak beste, Donostiako Aske Guneko esperientziaren berri emango du Beñat Apalategik Donostiako Aske Guneko antolatzaileetako batek. Aurrera begira zer egin daitekeen pentsatzen ari dira, inguruan dauden herritarrekin hitz egin eta haien iritzia jasotzen.
Antolatzaileek pentsatzen dute pare bat egunez luzatu litekeela herri harresia.
17:00 Antolatzaileek jakinarazi dute bihar, 13:00etan, manifestazioa egingo dutela Ondarroan, Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta. Manifestazio isila eta baketsua izango dela jakinarazi dute. Alamedan hasiko da.
16:00 Twitter bitartez Ondarroako herri harresian gaua pasatzeko deia luzatu dute. Donostian bezala zakuak eta esterilak eramateko eskatu diete herritarrei.
Ondarruko herri harresian gaua pasatzeko deia egiten dugu. Denok Ondarrura!! #herriharresia#denokondarrura
— AskeGunea (@AskeGunea) May 10, 2013
Etxeetatik janaria eraman diete eguna Alameda plazan pasa behar dutenei, bertan bazkaltzeko.
15:00 Egoera lasai dago, egitarauarekin jarraituko dute. Jendea lasai dago, bazkaldu eta solasean.
14:20 Plazan dira herritarrak berriro ere. Kolore laranja da nagusi Ondarroan.
14:15 Ertzaintzaren furgonetak bidean zeudela esan dute, eta sirenak jo du, baina alarma faltsu bat izan da. Agertzen direnean egin beharko dutena egin dute herritarrek: sirena entzun, plazatik zubira joan, Alkorta erdian eseriko da eta herritarrak inguruan.
14:10 Adina guztietako jendea bildu da Ondarroako Aske Gunean.
14:00 Maribi Ugarteburu Sortuko kide eta EH Bilduko legebiltzarkideak esan du “Frantziako eta Espainiako estatuak blokeo egoera mantentzen tematuta" daudela eta badakiela hala jarraituko dutela, baina "alper-alperrik" ari direla. "Jendea eramaten jarraitzen dute modu bidegabean, baina horri aurre egiteko modu bakarra dago, herri modura erantzutea".
13:45 Egoera lasai dago. Alkorta herritarrekin dago, haien besarkadak eta babes hitzak jasotzen.
13:40 Aske Guneko komunikazio arduradunek jakinarazi dute ertzainetxean mugimendua ikusi dutela eta balitekeela une batetik bestera azaltzea. "Furgonetak prestatzen" ari direla esan dute zehazki. Eserita zegoen jendea zutitu egin da komunikazio taldekoen azalpenak entzuteko.
13:00 Alkorta herritarren txalo artean azaldu da, lagunei besarkadak eman eta jarraian lurrean eseri da. Inguruko lagunek gauza bera egin dute eta Alkortaren inguruan eseri dira. Alkortak nabarmendu du "oxigeno bonbona bat" dela Aske Gunean egotea. "Kartzela gogorra izan arren, indarberrituta sartuko naiz", adierazi du. "Hauxe da bidea, konponbide garaia da, eta aurrera egingo dugu!". Sentitu duen indar eta babesa espetxean daudenei helaraziko diela jakinarazi du. Herritarrei emandako babesa eskertu die.
12:45 Ertzaintza agertzean herri harresia nola eraiki beharko duten azaldu diete antolatzaileek bertaratu diren herritarrei.
12:30 Hitzordua eginda zegoen orduan plaza betetzen hasi da. Aske Guneko antolatzaileek sare sozialen bitartez jendea joatera animatu nahi dute, eta nabarmendu dute "giro aparta" dagoela.
Eleak Mugimenduko kide Txerra Bolinagak azaldu du kartzelak hustutzeko garaia dela eta ez betetzekoa eta arrazoi hori medio joan direla Alkorta babestera. "Gizarteak nahikoa da esan du, eta duen konpromisoa azaltzeko prest dago", esan du. Nabarmendu du atxiloketak saihesteko bide bat dela gaur egingo dutena, ez dela bide "bakarra" baina horrekin jarraitzeko asmoa dutela oraingoz. "Pauso garrantzitsua ematen ari gara, guztion artean”.
12:15 EH Bildu koalizioak ere herri harresia eraikitzera joateko dei egin du, eta besteen artean, Maribi Ugarteburu legebiltzarkidea eta Unai Urruzuno bertaratu dira Alkortari babesa azaltzera. Baita Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela ere.
12:00 Aske Gunea eraikitzen aritu dira 80 pertsona inguru. 12:30ean herritarrak elkartzera zeuden deituta. Aurretik Ertzaintzaren autoak bi aldiz pasa dira Alameda ingurutik.
Lea Artibaiko Hitza zuzenean irudiak eskaintzen ari da.
Aurrekariak
Urtza Alkorta 2010ean atxilotu zuen Ertzaintzak Ondarroan, Deban, Mutrikun eta Gizaburuagan egindako sarekada batean beste sei lagunekin batera. Inkomunikazio aldian torturak pairatu zituela salatu zuen. Bost urteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAko talde batekin kolaboratu izana egotzita, ondoren Auzitegi Gorenak epaia berretsi zuen. Duela hiru aste jaso zuen kartzelaratzeko agindua. Ertzaintza bi aldiz saiatu da atxilotzen baina ez du lortu eta gaur herritarrek babestuta Alamedan egongo zela jakinarazi zuen sare sozialetan zabaldutako bideo baten bitartez.
[Youtube]http://youtu.be/StSwh-WvZ4k[/Youtube]