Donibane Lohizunen 130 pertsona batu ziren atzo, eta ordu batez Alliot-Marie gobernutik zein Euskal Herritik kanporatzeko aldarrikatu zuten. Joan den astean iragarri zuen bezala, Segik elkarretaratze bat egin zuen atzo. Herriko etxera udal kontseilua kari Michel Alliot-Marie etortzekoa bazen ere, azkenean ez zen agertu. Manifestaziora deitzeko, Interneten 2.700 aldiz ikusia izan den bideo bat jarri zuten. Deialdia egiteko, Alliot-Marieren kanporatzea eskatzeko itsasgarriak ere jarri zituzten. Eta, duela aste zenbait, ministroa Donibane Lohizunera etorri zenean, herriko etxean zegoen itsasgarria kendu zuten haren bizkartzainek.
Gazteek banderolak ezarri, eskuorriak banatu eta Alliot-Marieren aurkako oihuak bota zituzten. Plazan Poliziaren presentzia nabarmena izan zen, hala zehaztu du Txomin Catalognek: «130 pertsonarentzat, hamabost bat CRS furgoneta ziren. Jakinik bakoitzean bederatzi sartzen direla, kontua fite egina da».
Segik «erresuma arabiarretan borrokatzen eta antolatzen diren gazte guziei» elkartasuna adierazi die. Bide beretik, Frantziaren jarduera salatu nahi izan dute: Alliot-Marie gobernutik kanpo ikusi nahi dute, baina baita Euskal Herritik kanpo ere: «Mundu osoarentzat bezala arrisku bat delako gure herriarentzat ere. Hiltzaile bat da. Hemen ere haren presentziarik ez dugu nahi».
Horren frogatzeko, Jon Anzaren kasua oroitarazi zuten. Ministro izanik «afera horri buruz erakutsi isiltasunak argi erakusten digu haren parte-hartzea ez dela txikia izan». Ozenki hitz egin dute, beraz, [Alliot-Marie] kanpora aldarrikatuz.
Alliot-Mariek Ben Alirekin izandako harremanek iskanbila handia sortu zuen Frantzian. Atzo ministro batek AFP agentziari egin deklarazio batzuetan honako hau esan zuen: «Sarkozyk berak asteburu honetan edo astelehenean gobernutik kanporatuko duela erran dit». Haren kargua okupatuko lukeen izen bat ere atera da: Alain Jupperena.
'Alliot-Marie kanpora' lelopean, protesta bat egin du Segik
Alliot-Marie gobernutik zein Euskal Herritik kanpo ikusi nahi dute, herri arabiarrekiko elkartasunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu