Azken mezuan, PPri bozkatu ohi ez dioten sektoreei mintzatu zaizkie espresuki Alderdi Popularreko hautagaiak. Gasteizen atzo egindako ekitaldian, Alfonso Alonso Arabako zerrendaburua «ideologia guztietako» herritarrei mintzau zitzaien, eta PPren aldeko botoa eskatu zuen, krisi ekonomikoari aurre egiteko «Espainiako Gobernu sendo bat» lortzeko asmoz. Bere mezuan, iraganean PSE-EEri zein EAJri botoa eman izan dioten eta orain etsita dauden herritarren babesa eskatu du Alonsok.
«Batez ere Alderdi Sozialistaren politikarekin atsekabetuta daudenei eskatzen diet ez dagoela etsitzerik», azaldu du. Antzeko zentzuan hitz egin die bere garaian EAJri botoa eman zietenei: «Funtsezkoa da aldaketaren aldeko esfortzu kolektiboarekin bat egitea. Denoi eragiten digun interes orokorrari begiratu behar zaio orain», adierazi du.
Alonsoren arabera, igandeko hauteskundeak «erabakigarriak» izango dira, eta, horregatik, abstentzioari aurre egiteko «mobilizazio handi batera» deitu du, eta jarraian PPren proiektua azpimarratu. «PPren gobernu batekin aldaketa posible da, eta, horregatik, ideologien gainetik, herritar denei eskatzen diet botoa, krisiak eta langabeziak ez dutelako ideologiez ulertzen». Alonsoren arabera, PPren aldeko botoaren berme handiena Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala dira. «Javier Maroto Gasteizko alkatea eta Javier de Andres ahaldun nagusia dira adibide onenak».
Gasteizko ekitaldian, Ramon Rabanera Senatuko hautagaiak ere zentzu berean hitz egin du, PPren aldeko botoek «gainezka» egin dezatela eskatu du. Haren ustez, PPk gaur egun «itxaropena eta aldaketa» islatzen ditu.
Ildo beretik jo dute gainontzeko hautagaiek. Leopoldo Barreda PPren Bizkaiko zerrendaburuaren irudiko, igandean «inork ez du etxean geratu behar», beharrezkoa delako «politika egiteko beste modu bat ordezkatuko duen gehiengo berri bat» lortzea.
«Sozialistek eta abertzaleek [EAJk] dena garestitu digute», salatu du, eta arerio politikoak argindar eta gas tarifen zein balio erantsiaren gaineko zergaren igoeraren erantzule egin ditu. Barredaren irudiko, PPk «politika egiteko beste modu bat du», eta arrazoi anitz daude igandean Espainiako Kongresuaren ordezkaritzan aldaketa bat izan dadin.
Bilbon amaitu zuen hauteskunde kanpaina PPk, Boulevard kafetegian. Antonio Basagoiti lehendakariak «Espainia tuneletikaterako duen trenera» igotzera dei egin zien euskal herritarrei.
Kanpaina osoan egin bezala, Espainiako langabe kopuru erraldoia baliatu zuen Basagoitik gobernu aldaketaren beharra azpimarratzeko. «Hauteskundeok biren kontua dira soilik [PPrenak eta PSOErenak], EspainiakoGobernua aukeratzen delako», esan zuen, eta erantsi: «Langabeziaren eta krisiaren drama sufritzen jarraitu, edo lanpostuak sortuz eta ekonomia bultzatuz aurrera egin eta indartzea dago jokoan».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Alonsok EAJ eta PSEren boto-emaile ohiei eskatu die PPri emateko babesa
«Ideologia guztietako» herritarren babesa eskatu du Alonsok, beharrezkoa delako gobernu sendoa lortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu