POLITIKA

Alonsok laguntza eskaini dio Urkulluri “jarrera erradikal eta populisten gorakada” dela eta

Bilera egin dute Alonsok eta Urkulluk gaur goizean, eta "egonkortasun politiko eta ekonomikoa" izan dute hizpide, besteak beste. Alonsok adierazi du PPk eta PSOEk koalizioa egingo balute EAJren “kolaborazioa” posiblea litzatekeela.

Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko apirilaren 18a
08:41
Entzun

Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidenteak laguntza eskaini dio EAJri, “jarrera erradikal eta populisten gorakadari moderazioz” erantzuteko. Alonsoren ustez, “diskurtso erradikal eta populistek” herrialdearen garapena “blokeo egoerara” eraman dezakete. Beraz, ezinbesteko jo du EAJrekin adostasunak bilatzea, “ziurgabetasun egoerak” saihesteko.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin gaur goizean bildu ostean egin ditu adierazpenok Alonsok. Azaldu duenez, bileran elkargune izan daitezkeen gaiak jorratu dituzte; “egonkortasun politiko eta ekonomikoa”, besteak beste.

Bestalde, Espainiako gobernua osatzeko PP eta PSOEren arteko koalizioa proposatu du beste behin ere, eta gaineratu du EAJren “kolaborazioa” posiblea litzatekeela akordio horretan. Urkullu “elkarlanerako gogoz” ikusi du; “aurreiritzirik gabe, seriotasunez hitz egiteko prest”. Izan ere, Alonsok azaldu duenez, Urkulluk “uste du Espainiaren gobernabideari ekarpena egin liezaiokeela”.

Gobernu akordiorik ez bada eta hauteskundeak iragartzen badira, berriz, Alonsok Rajoy nahiko luke PPren hautagai. Alderdi barruan ere gehienak Rajoyren alde daudela uste du. Hala ere, Rajoy ordezkatzeko prozesua irekiko den “hipotesia” aintzat hartuta, adierazi du PPn “pertsona asko” dagoela eta, beraz, “dena da posible”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.