Julio Altadillen eta Hermilio de Olorizen senideek jaso dute Nafarroako Gobernuak hiu historialariei emandako urrezko domina -Arturo Campionen ondorengoek ezin izan dute bertan egon-. Uxue Barkos lehendakariak goraipatu egin du haiek Nafarroako "historiaren eta kulturaren alde" egindako lana, eta gogorarazi du lurraldeetako ikurrek "komunitate baten historia" islatzen dutela.
Barkosek ekitaldia baliatu du autogobernuaren alde egiteko eta "zirrikiturik gabeko babesa" eskatu die gobernukideei. Bide batez gaitzetsi egin ditu gobernuaren aurkako "eraso demagogiko eta oinarririk gabeak". Azken egunetan elkartasun eza egotzi dietenei erantzun die esanez, hori diotenek ez dutela Nafarroa ezagutzen. "Itun Ekonomikoak bere baitan ditu elkartasun eta erantzukizuna".
Foru gobernuak Nafarroako Erresuma ere omendu du garai bateko Nafarroako errege familiaren jauregia izan zenaren aurrean lore eskaintza eginez. Ekitaldian izan dira Barkos bera, Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez, Iruñea, Lizarra, Erriberri, Zangoza eta Tuterako alkateak.