Alternatiba alderdiarentzat ETAk jarduera armatua uzteko hartutako erabakia "mugarri izan da euskal gatazkaren konponbiderako", eta ohartarazi du "Alderdien Legea eta espetxe politika bidegabea bertan behera uztea atzeraezina" dela, "pertsona guztien eskubide guztiak lehentasun izango dituen errealitate berria eraikitzeko". Ondorioz, Espainia eta Frantziako gobernuei eskatu die "beharrezkoak diren urratsak" egiteko, "Donostiako konferentziako ebazpenak ezarritako edukien arabera negoziazio prozesua ireki dezaten".
Alternatibak uste du "herri honetako gizon-emakume gehienek bakea exijitu" dutela, eta orain bakea "gaur inoiz baino gertuago" dagoela.
Oskar Matute Alternatibako bozeramailea, Amaia Agirresarobe Koordinakunde Nazionaleko kidea eta Asier Vega Bizkaiko Bilduko batzarkidea mintzatu dira alderdiaren izenean, gaur, prentsaurrekoan.