Beste eredu sozial eta ekonomiko bat aldarrikatuko dute heldu den urriaren 24an Bilbon. Euskal Herri mailako Alternatiben Herria osatuko dute Bizkaiko hiriburuko karriketan, orain astebete Donostiako Antigua auzoan egindakoari jarraipena emanda. Bizitzaren iraunkortasuna erdigunean ipini, eta horretan oinarrituko den eredu berri bat jorratzeko eskatuko dute, egungo "eredu kapitalistatik" at. Euskal Herriak "herri gisa" horri aurre egiteko alternatibak badauzkala zabaldu nahi dute. Eskubide sozialen karta izenpetu duten zenbait eragilek antolatuko dute jaialdia, Bizitza burujabea eskubide osoz lelopean.
Ez dira horretara mugatuko, ordea. Beste eredu sozial bat zehazten hastea dute erronka, Euskal Herriko Mugimendu Sozialarekin hartu-eman estuan urratsak eginda. Trantsizio sozial eta ekologikoa lortzeko bidean, gainera, berebiziko indarra jarriko dute gizartea aktibatu, eta mobilizatzeko premiez jabetzeko. "Alternatibak ezinbestean daude lotuta eskubideekin, eta eskubideak, burujabetzarekin: zentzu pertsonal zein kolektiboan". Hori dela eta, boteretzeko sasoia dela, azpimarra hori egin dute antolatzaileek: "Egungo eredu kapitalistak indarra kendu digu herritarroi, eta boteretzea dagokigu orain, ezintasuna gaindituz".
Festa eta gogoeta giroa
Gaurko aurkezpenean jakinarazi dute aldarrikapen eta ospakizun eguna izango dela Alternatiben Herria. "Bizia ematen diguten hamaika proposamenen erakusleiho". Dagoeneko hasiak dira egun osoko egitaraua prestatzen urriaren 24rako, eta aurreratu dutenez, erakusketetarako espazioak, gogoetara bideratutakoak eta jai girokoak uztartuko dituzte Bilboko itsasadarraren bi aldeetan. Hiriaren erdigunea "herri txiki bat" bihurtuta, gune bakoitza hausnarketaz, baikortasunez eta alternatiba praktikoz beteko dutela nabarmendu dute. Jarduera anitz izango dira goizetik gauera bitartean: hitzaldiak, mahai-inguruak, azokak, tailerrak, ikuskizunak, kale animazioak, jolasak, musika emanaldiak eta jan-edanerako guneak, besteak beste.
Euskal Herrian bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat "posible" dela sinetsita, ekitaldietan parte hartzeko deia egin, eta mezu zuzena hedatu dute lau haizeetara: “Urriaren 24an nahitaezko hitzordua dugu Bilbon. Eraldaketaren bidean guztion lana premiazkoa da, bai Alternatiben Herria egitasmoa garatzeko eta bai alternatiban eraikitzen jarraitzeko: denon artean lortuko dugu".